Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak, hiriko euskaltegiekin batera, euskara ikasteko ikastaroak bultzatu nahi ditu aurten ere. Izena emateko epea zabalik dago jada euskaltegi batzuetan, besteetan iraileko bigarren hamabostaldian zabalduko da.
Ekimen hau guztiz lotuta dator “Euskaraz Bizi, Etorri Euskaltegira” kanpainarekin, egunotan Bilboko faroletatik eskegita ikus daitezkeen 350 banderolen bidez. Bilbotarrak euskaltegira hurbildu nahi ditugu, euskalduntze bidean jarri. Bertan topatuko dituzte euskararen ikaskuntza, erabilera eta normalizazioa sustatzeko tresnak.
2014-2015 Ikasturte honetan ere, bereziki azpimarratu nahi dugu Udalak gurasoei euskara ikasteko ematen dien laguntza. Aurten Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak 166.500 euro bideratu ditu gurasoen euskalduntzerako, talde estrategikoa osatzen baitute hizkuntzaren biziraupenean. Bilboko ume eta gaztetxo gehienak euskaraz ikasten dute baina inguru nahiko erdaldunean, gurasoek euskara ikasteko aukera handirik izan ez zutelako batez ere. Laguntzen programa honek berebiziko garrantzia ematen die familiaren barruko harremanei, euskararen kutsu akademikoa gainditu eta etxeko harremanen eguneroko komunikazio bidea bihurtu dadin.
Aurten 250etik gora izan dira euskara ikasteko laguntza hartu duten gurasoak, eskatutako asistentzia eta aprobetxamendu baldintzak gainditu dituztelako. Udalak itzuli egin die gurasoei lehengo urteko irailean ordaindu zuten diru-kopurua ia osorik. Euskara ikasteko laguntza hau 2014-2015 ikasturtean eskuratzeko baldintzak 2015eko martxoan argitaratuko dira.
18 euskaltegi
Bilbon 18 euskaltegi daude hiriko zortzi barrutietan. Honek esan nahi du auzo gehienetan euskaltegia dagoela.
Euskaltegien gaitasun didaktikoa eta profesionaltasuna dira beraien ezaugarri nagusiak, baita eskolaz kanpo euskara erabiltzeko eskaintzen duten aisialdi eta kultura ekimen mordoa ere.