2014ko urriaren 22tik azaroaren 2ra bitartean egingo den BAD Bilbao Antzerki Dantza jaialdiaren XVI. edizioa aurkeztu gura dizuegu.
Aurreko urteetan legez, aurten ere bertoko eta estatuko proposamenekin zein nazioarte-mailakoekin gozatzeko aukera izango dugu; gehienak, gainera, estreinaldiak izango dira Euskal Herrian eta Estatuan. Ohi denez, koprodukzioak eta estreinaldi absolutuak ere izango ditugu, jaialdiaren bereizgarri.
2014ko BAD jaialdian bertoko ekoizpenak erakutsiko dizkigute, interesgarriak, gure ustez: Olatz de Andrés, El Conde de Torrefiel-en laguntzarekin, Khea Ziater, Sleepwalk Collective eta Horman Poster, esaterako.
Euskeraz izango diren ikuskizunak:
* Horman Poster
Eguna: Urriaren 24a
Ordua: 21:30
Lekua: La Merced ikastetxea
Sinopsia: Gaitasun mimetikoa besteen antzeko izateko konpultsio magikoa besterik ez da. W. Benjamin Magia sinpatikoan gizakiek, sasi-gizakiek eta super-gizakiek topo egiten dute historian: Gerrilla girl bilakatutako tximino bat, Melilla hegazkinez gurutzatu zuen chaman bat eta bere sentsibilitate erromantikoa XIX. mendeko koadro batean bilatzen duen pierrot bat. Pierrot, neurriz kanpoko sentsibilitatedun arketipo europar inozoa… Ez al zuen bere eskuak piztu kolonialismo europarraren su handia? Tximinoengandik gatoz ala aingeru bilakatzen ari gara?
* Metrokoadroka
Eguna: Urriaren 23a
Ordua: 21:00
Lekua: La Merced ikastetxea
Sinopsia: Pertsonaia bat gela itxi baten barruan sei maniki-bururekin hizketan, obsesio bakarrarekin: “Salto egiteak ezberdintzen nau hildakoetatik”. Pertsonaiarekin batera aktorea ikusiko dugu tarteka, pertsonaiatik sartu-atera ibiltzen dena, publikoa zuzenean itauntzen duena. Salto egitearen inguruko obsesio horren isla da pertsonaiak behin eta berriz gogora ekartzen duen filma: Butch Cassidy and The Sundance Kid (1968, zuzendaria George Roy Hill), zeinean protagonistek amildegi batetik salto egitea erabaki behar duten momentu batean. Paul Newman eta Robert Redford aktoreen pertsonaien arteko elkarrizketa horrek laburbiltzen du, modu komiko eta ia absurduan, saltoaren ideia. “Salto”ko pertsonaiak behin eta berriz oroituko du salto hura, bere salto propioaren bila. Umore absurdua, kode eszenikoen arteko jolasa, hunkigarritasun arraro bat. Publikoari bere salto propioa topatzeko gonbitea.