Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) azaroaren 14an –arratsaldeko 20:00etan– zabalduko ditu bere 56. edizioaren ateak Bilboko Arriaga Antzokian, Zinemaldiaren Ohorezko Mikeldietako bat jasoko duen Cecilia Roth antzezle argentinarrari eskainiko zaion omenaldiarekin, bere pertsonaiak aukeratzeko orduan intuizio, arrisku eta koherentzia pertsonal bikainak erakutsi dituelako.
Edizio honetako Ohorezko bigarren Mikeldia, nazioartean ospe handia eta sari asko lortu dituen Hirokazu Kore-Eda zinegile eta gidoilari japoniarrari emango zaio, bere filmografiaren originaltasuna, bere filmek inspiratzen duten konpromiso humanista eta egungo zine panoraman betetzen duen leku pertsonala eta garrantzitsua aitortuz.
Kore-Edak AZAROAREN 19an jasoko du saria, arratsaldeko 20:00etan, Bilboko Guggenheim museoaren auditorioan, Canneseko Zinemaldian Epaimahaiaren Saria lortu zuen “De tal padre, tal hijo” (2013) film luzea proiektatu aurretik.
65 filmek hartuko dute parte Sekzio Ofizialean, zinemaldiak dituen hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez: fikzioa (30), dokumentala (17) eta animazioa (18). Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean Estatuko 18 daude, eta horietako 7 euskal zinegileek egindakoak dira. Ohikoa denez, jaialdiaren inaugurazio ekitaldian eskainiko dira, Arriaga Antzokian. Hauek dira:
“Soroa” Asier Altunarena (fikzioa)
“A serious comedy” Lander Camarerorena (fikzioa)
“Anómalo”, de Aitor Gutiérrezena (fikzioa)
“Peter Hollywood” Ibon Antuñanorena (dokumentala)
“Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa” María Elorza, Maider Fernández eta Aitor Gametxorena (dokumentala)
“Hubert Le Blonen azken hegaldia” Koldo Almandozena (animazioa)
“Tempo inverso” Gregorio Muro eta Mikel Murorena (animazioa).
AZAROAREN 21ean jakinaraziko den ZINEBIren palmaresa sari hauek osatuko dute: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusiak, Euskal Zinearen Sari Nagusiak, Espainiar Zinearen Sari Nagusiak, Zine Latinoamerikarraren Sari Nagusiak, eta Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiek, fikzio, animazio eta dokumental kategorietan. Horrez gain, jaialdiak sari ez ofizial hauek ere izango ditu: Azkue Fundazioak Euskaraz egindako Film Hoberenarentzako ematen duen Saria, 1.200 euro dituena eta Euskadiko ikus-entzunezkoen sektorean euskararen erabilera sustatu nahi duena; SGAEk eta Euskadiko Gidoilarien Elkarteak Euskadiko bi gidoi hoberenei ematen dieten Saria, 1.500 eurorekin; eta Ikus-entzuleen Saria (EITBk emandakoa), hori ere 1.500 eurorekin.
Kartelerari, ordutegiei, prezioei eta beherapen bereziei buruzko informazio guztia zinemaldiaren webgunean dago jada: www.zinebi.com