Ekimena, Kultura eta Hezkuntza Sailak urtearen amaierarako diseinatu duen kultur proposamen berriaren barruan sartzen da; azaroaren 27an, 28an eta 29an lehen aldiz Santutxu – Begoñako Barrutian ospatuko den “Parrapean komiki egunak” komiki jaialdia. Jaialdian, horrelako istorioak euskaraz kontatzeko modu horri buruzko tailerrak, hitzaldiak eta erakusketak egongo dira. Lehenengo edizio hau gutxiengoko hizkuntzetan argitaratutako komikietan zentratuko da.
Ekitaldi hau azaroaren 27an irekiko da “Edertasun barren eta apal batez: Euskal Binetak (1894-2014)” erakusketarekin. Bertan aukera izango da egilearekin batera bisita gidatuaz gozatzeko 20 paneletan zehar.
Azaroaren 28an Zinebi Festibalaren eskutik hainbat animazio pelikula proiektatuko dira, baita Begoña Vicarioren lanak ere. Horrez gain, Euskal komikiaren azoka antolatu da, bai eta Kamishibai ikastaroa ere 10-12 urte bitarteko gaztetxoentzat. Eta amaitzeko bi hitzaldi eskainiko dira; “Hizkuntza gutxituzko komikigintza: Okzitania, Galizia eta Euskal Herria” eta “Kuter, pritt eta tippex. Zer ote diren fanzineak”, azken hori Lanbroa tabernan.
Azaroaren 29an goizeko 10:00etatik aurrera antolatu dira ekintzak; “Graphic recording” eta “Kamishibai” ikastaroak, Euskal Komikiaren azoka, Nontzefilmak lehiaketako animazio pelikulen proiekzioa, “HB” komiki berriaren aurkezpena, “Hizkuntza gutxituzko komikigintza” hitzaldia eta amaitzeko Zazkel taldearen kontzertua eta bitartean marrazkigile gonbidatuak lanean arituko dira.
Antolatzaileek, jaialdiaren amaiera ekitaldian, azaroaren 29an, Begoñako udaltegian, I. “Parrapean” Komiki Lehiaketako hiru sarien banaketa egingo dute. Sarituek zenbait marrazki eta informatika material jasoko dute, diploma batez gain, eta komiki irabazlea bertako “Berton” aldizkarian argitaratuko da.