2014an 50 urte bete Gabriel Arestiren Harri eta herri argitaratu zela. Urteurrena ospatzeko, Euskaltzaindiak eta Gabriel Aresti Kultura Elkarteak -Gabriel Arestiren senideek eta Zenbat Gara elkarteak osatzen dutena- liburuaren edizio berri bat berrargitaratu dute: Harri eta herri, 50 urte. Gaur, abenduaren 4an, aurkeztu dute Bilbon.
Aurkezpenean ekimena sustatu duten bi erakundeotako ordezkariak izan dira: Andres Urrutia euskaltzainburua eta Xabier Monasterio Gabriek Aresti kultura elkarteko ordezkaria. Lana Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta BBK Fundazioaren laguntzarekin argitaratu da; hori dela eta, Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua, Ibon Areso Bilboko alkatea eta Gorka Martinez BBK Fundazioaren zuzendaria ere bertan izan dira. Rafa Rueda musikariak eta Toti Martinez de Lezea idazleak ere parte hartu dute aurkezpenean. Eurekin guztiekin batera, Gabriel Arestiren senideak izan dira.
Bi liburuk osatzen dute argitalpen berria: batetik, Arestiren liburua eskaintzen da, 1964an argitaratu zen bezala. Bestetik, Harri eta Herri – 50. Artikulu bilduma izeneko bigarren liburuan, zenbait euskaltzainek eta egilek idatziriko artikuluak bildu dira. Horietako batzuek Aresti bera ezagutu eta tratatzeko aukera izan zuten; gazteagoek, aldiz, bere lanen bitartez ezagutu zuten idazlea. Hauek dira parte hartzen duten egileak: Joan Mari Torrealdai, Xabier Kintana, Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga, Karmelo Landa, Angel Zelaieta, Txomin Peillen, Ana Toledo, Arantxa Urretabizkaia, Harkaitz Cano, Unai Elorriaga, Aingeru Epaltza, Toti Martinez de Lezea, Miren Agur Meabe eta Kirmen Uribe.