Pasa den igandean, Zornotzan ospatu zen azken finalaurrekoan erabaki zen zeintzuk osatuko duten aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala. Puntu guztiak batuta, azkenik Etxahun Lekue, Arkaitz Estiballes, Iratxe Ibarra, Onintza Enbeita, Jone Uria, Oihana Bartra, Fredi Paia eta Xabat Galletebeitia izango dira aurtengo finalistak.
Xabat Galletebeitia lekeitiarra eta Oihana Bartra bilbotarra lehen aldiz izango dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finaleko oholtza gainean. Hainbat urtez atera dira txapelketaren plazara, eta finalaurrekoetan kantatu izan dute aurreko aldietan.
Zeintzuk dira finalistak?
Etxahun Lekue (515 punturekin sailkatua): Magisteritza ikasketak egin zituen Bilbon. Bertso irakasle aritu izan da hezkuntza arautuan. 9-10 urte baino ez zituela hasi zen bertso eskolan. Bizkaiko sei txapelketetan izan da finalista eta bitan bigarren. 2005eko eta 2009ko Txapelketa Nagusian, berriz, final-aurreetara heldu zen.
Arkaitz Estiballes Ormaetxea (499,50 puntu): Euskal Filologia ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean. Ikastetxe eta bertso eskoletan irakasle ibilia da. Hamaika urte zituela, "Zu ere bertsolari" liburuarekin ikasi zuen bertsotan. Bizkaiko Bertsolari Txapelketan finalista izan da 2000ko ediziotik. 2010 eta 2012an Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapelduna izan da.
Jone Uria (496 puntu): Matematikan lizentziatua da. 12 urte zituela hasi zen Algortako Bertsolari Eskolan eta ordutik bertan jarraitzen du, partaide zein irakasle. 2009an Euskal Herriko txapelketako finalerditara iritsi ondoren, 2010 eta 2012an finalista izan da Bizkaiko Txapelketan. 2013ko Euskal Herriko Txapelketan finalaurrekoetara iritsi zen.
Onintza Enbeita (495,50 puntu): Umetatik bertso giroan hezia, 2006an iritsi zen lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera. Eskualdeko txapela irabazi zuen urte hartan, eta harrezkero izan diren final guztietara sailkatu da Bizkaian. 2005, 2009 eta 2013ko Euskal Herriko txapelketan parte hartu zuen.
Oihana Bartra (478,50 puntu): Santutxuko Bertso Eskolan hasi zen bertsotan. Irakasle eta itzultzaile lanetan jarduten du gaur egun. Aurtengoa izango da Bizkaiko Txapelketako lehen finala.
Iratxe Ibarra (475,50 puntu): Euskal Filologian lizentziatua. Irakaskuntzan ibili ostean, euskara teknikari dabil orain. Hamabi urterekin hasi zen bertsolaritzan, Jon Lopategiren gidaritzapean. 2000 urtetik Bizkaiko Txapelketetako final guztietan kantatu du, eta 1997tik gaur egunera arteko Txapelketa Nagusi guztietan kantatu du.
Fredi Paia (474,50 puntu): Bertsolari, musikari eta etnografoa. Plazaz plaza dabil 1999. urtean Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa irabazi zuenetik. 2000 urtetik aurrera Bizkaiko Txapelketa guztietan izan da finalista.
Xabat Galletebeitia (474 puntu): Farmazian lizentziatua. Ikastolan hasi zen bertsotan txikitan, Jon Lopategi irakasle zuela. Aurtengoa izango da Bizkaiko Txapelketako lehen finala.