Urtarrilaren 29tik 31ra Alfredo Sanzol iruindarraren “Barealdi Magikoa” antzeztuko dute Arriagan, Sanzolen beraren zuzendaritzapean. Lanaren lau errepresentazio egingo dituzte eta euskarazko antzezpenak hilaren 29an izango dira, osteguna, 11:00etan eta 20:00etan.
Autorearen esanetan, obra iniziazio bidaia da; bezero batek enpresa bateko langile bat ordenagailu parean lotan dagoela grabatzen du eta abiapuntu horretatik, onddo haluzinogenoen eskutik, Afrikara, elefante arrosak ikustera, maitasunera, obsesiora, besteren etxeetan sartzera, ehizako eskopetetara, alkoholera, ametsetara eta igerileku txikietara eramango gaituen bidaia izango da. Emozio sakonez betetako mundua sortzen du Sanzolek, non umorea izango den ekintza mugiarazten duen ardatza.
Errealitatean gertatzen den guztia gerta daitekeenarekin nahastuko da. Errealitateak ametsei lekua nola uzten dien ikusiko da berehala eta iraganak gero eta antz handiagoa izango du etorkizunarekin.
Alfredo Sanzol iruindarraren azken sorkuntza da Barealdi Magikoa, egungo panorama eszenikoan aurki daitekeen antzerkigile eta zuzendari interesgarrienetakoa, diziplina anitzak ukitzen dituena. Lan hau Zentro Dramatiko Nazionalak eta Tanttaka Teatroak ekoitzi dute elkarrekin.
Egunak eta orduak
Urtarrilaren 29a, osteguna: 11:00etan eta 20:00etan (euskaraz)
Urtarrilaren 30a, ostirala: 20:00etan (gaztelaniaz)
Urtarrilaren 31, larunbata: 20:00etan (gaztelaniaz)