Kanpainaren ezaugarri nagusiak
Aurreko urteetan bezala aurten ere Bizkaiko hainbat udalerrik abian jarri dute Nahi dudalako! kanpaina. Kanpainaren helburu nagusia da DBH euskaraz egin duten gazteek hortik aurrerako ikasketak ere euskaraz egitea.
Alkarbidek, Bizkaiko Euskara Zerbitzuen Bilguneak, koordinatu duen proiektu honetan Bizkaiko 20 udalerrik eta 2 mankomunitatek parte hartu dute eta 15 eta 16 urteko gazteei zein euren gurasoei zuzenduta dago.
Hartzaileak
Egitasmoaren hartzaileak kanpainan parte hartu duten udalerrietako DBH3 edo/eta DBH4 ikasten ari diren gazteak eta horien gurasoak dira.
Helburua
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailan ari diren gazteek hortik aurrerako ikasketetan ere euskarazko eredua aukeratzea eta horretarako behar duten informazio guztia ematea, gazteoi zein euren guraso edota orientatzaileei. Informazio hori www.nahidudalako.com webgunean dute ikusgai.
Parte hartzaileak
Bizkaiko 20 udal eta 2 mankomunitate. Guztira, honako 35 erakunde hauek:
Abanto-Zierbena Arrigorriaga Balmaseda Basauri Bedia Berango Bilbo Elorrio Enkarterriko Mankomunitatea Erandio Etxebarri Gordexola Laukiz Maruri-Jatabe Muskiz Ortuella Portugalete Santurtzi Sestao Trapagaran Txorierriko Mankomunitatea Zierbena
Kanpainaren edukia eta euskarriak
Kanpainaren ardatza www.nahidudalako.com webgunea da. Bertan gazteek Batxilergoa zein Lanbide Heziketa euskaraz egiteko duten eskaintza zehatzaren berri jaso ahal izango dute. Gainera, unibertsitateko euskarazko eskaintza eta gustuko karrera ikasteko zein batxilergo mota aukeratu behar duten ikusteko aukera ere badute gazteek. Horrekin batera, DBH amaitu eta euskara ikasten jarraitu duten hainbat gazteren testigantzak ere jasotzen dira webgunean. Euretan gazteek zergatik ikasi duten euskaraz azaltzen dute. Gainera webgunean sartu eta inkestan parte hartzen duten gazteek hainbat sari irabazteko aukera izango dute, hala nola, iPAD, Motorola Moto G2 eta multi-abentura egun pasa. Parte hartzeko kanpainan parte hartzen duten udalerrietako batean erroldatuta egon beharko da, eta udalerri horretan diptikoa banatzen den mailaren batean ikasten.
Webgunearekin batera kanpainaren berri emateko diptikoa banatuko zaie kanpaina bultzatu duten udalerrietako gazteei eta gazteon gurasoek kanpainaren nondik norakoak azaltzen dituen gutuna jasoko dute etxean. Guztira, 6.500 eskuorri banatuko dira Bizkaiko 35 udalerritan.
Horrekin batera gazteentzako hainbat hitzaldi ere antolatu dira, euretan euskaraz ikastearen garrantzia nabarmendu eta www.nahidudalako.com webgunean zer aurkituko duten azalduko zaie gazteei. Alde batetik, Revolta Permanet musika taldeko kideak, Iker Villa eta Iker Aginaga, ibiliko dira hizlari; eta bestetik, Jon Gómez abeslaria eta aurkezlea.