Asteburu honetan 2015eko Harrapazank programari amaiera emango zaio. Bihar, martxoaren 28an, eta igandean, martxoaren 29an, Bilborock Aretoak Harrapazank senior eta junior mailetako finalak jasoko ditu. Izan ere, Senior mailako finala larunbatean, martxoaren 28a, arratsaldeko 19.00etan ospatuko da; Junior gala, aldiz, igandean, martxoaren 29a, arratsaldeko 18.00etan.
Miren Gaztañaga aurkezleak gidatutako final hauetan gazte bilbotarren talentuak eta talde lanek Bilborock Aretoa argiztatuko dute. Antzerkia, musika, dantza eta hamaika sorpresa izango dira. Aurten gainera, Imanol Suso, iazko Harrapazankeko irabazlea senior kategorian, izango da gonbidatu.
Epaimahaikideek, hau da, Itziar Ituñok, Xabi Hook eta Mikel Martinezek irabazle bana aukeratu beharko dute maila bakoitzeko. Saria 1.000 euroko bonoa izango da Harrapazankeko finaletara heldu diren 10 talderen eta 36 gazteren artean aukeratutako senior kategoriako eta junior kategoriako irabazleentzat, hain zuzen ere.
Harrapazank 2015
Harrapazank euskararen erabilera gazteen artean sustatu, esperientzia positibo eta parte hartzaileen bitartez gazteen motibazioan eragitea lortu eta gazteen gustuko ekintza parte hartzaile eta erakargarriak eskaintzera bideratutako egitasmo aitzindaria da.
Harrapazank 2015eko edizio honetan, 34 taldeek eta 113 gazteek parte hartu dute. Gainera, 8 irakasle izan dira entseguetan, Ugaitz Alegria, Itziar Ituño, Iñaki Maruri, Olatz Ganboa, Xabi Hoo, Andrea Covadonga, Urtza Zuazo eta Leire Ucha. Entsegu orduak bikoiztu egin dira eta guztira 240 ordu izan dira.
Aurten sare sozialak baliatu ditu berriz ere gazte bilbotarren komunitatea sendotze aldera, eta horren lekuko da www.harrapazank.com ataria. Web guneak sarrera berriak, bideoak eta argazkiak, eta sare sozialetara loturak jaso ditu eta parte hartzaileen gurasoek beraiei zuzendutako atal bat izan dute ikusgai. Web gunean Euskara Zuzendariordetzak, Topagune eta Euskara Elkarteen Federazioarekin batera antolatutako programari buruzko informazio zehatza eta egokitua aurkitzeaz gain, gazteak, parte hartzaile pasiboak izatetik aktibo izatera pasatu dira, norabide biko komunikazioa sortuz.
Lonjazank: programan parte hartzeko epea apirilaren 12ra arte egongo da zabalik
Lonjazank programan parte hartzeko epea zabalik dirau. Apirilaren 12ra arte Bilboko gazteek izena eman ahal izango dute programan parte hartzeko. Horretarako, beharrezkoa izango da webgunean izen emate fitxa betetzea eta, ondoren, lonjaren bideo aurkezpen bat bidaltzea harrapazank@harrapazank.com. Bertan lonjako bi kide agertu beharko dira gutxienez, eta bideoetatik bozka gehien lortuko duen 5 lonjek finalera helduko dira.
Lonjazank, 15 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako, enkante moduko bat izango da. Gazteek beraien lonjak janzteko elementuak eskuratu ahalko dituzte, baina hauek eskuratzeko dirua erabili beharrean probak gainditu beharko dituzte.
Bilborock-eko eszenatokia lokal bat izango balitz bezala atonduko da: Sofak, puff-ak, mahaitxoak, lanparak, Tb, bideo-kontsola, bideo-jokoak, karaokea, ordenagailua… Proba nork irabazi duen epaileek aukeratuko dute, probak egin ahala, talde bakoitzari puntuazioak emanez.