Bilboko Udalak bereziki indartu nahi ditu hizkuntzaren normalizazioan ondorio biderkatzaileak dituzten kolektiboak. Horregatik aspaldiko partez gurasoei eman egin zaien laguntza (lehengo ikasturtean 270etik gora izan dira programa honen onuradunak) zabaldu egingo da garrantzi biderkatzaile hori duten beste giza talde batzuetara. Kasu honetan, aisialdi eta kirol jardueretan dabiltzan monitoreei, egunero egiten duten lanak izugarrizko garrantzia duelako ume-gaztetxoen hizkuntza portaeran. Aisialdiak orokorrean eta kirolak konkretuki, garrantzi handia hartu dute umeen eta gaztetxoen bizitzan. Arlo hauek zerikusi handia izan dezakete beraien hizkuntza portaeran, bai motibazio aldetik, bai ezagutza zein erabileraren ikuspegitik ere.
2016ko euskara ikasteko diru-laguntzen deialdian, 2015-2016 ikasturteari dagokionean, guraso eta tutore legalak ez ezik, ume eta gazteen aisialdiko begiraleak eta eskola kiroleko begirale eta entrenatzaileak edo titulazioa eskuratzeko ikasketak egiten ari direnak ere sartuko dira.
2016ko diru-laguntzaren deialdia Aste Santu ostean argitaratuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, eta izen emate epea apiril osoan izango da.