Apirilean eta ekainan, Nafarroan izandako arrakastaren ostean, Jaso Ikastolako ikasleek INVOC4TIUM –Musikala- berriro ere oholtzaratuko dute heldu den urriaren 20an. Dantzak, akrobaziak, zuzeneko kantak eta musika uztartzen dituen musikal hau eskainiko da Arriaga antzokian. Oso emanaldi berezia izango da, goizez (11:00etan) 3 ikastetxeetako 850 ikasle inguru bilduko baititu, hala nola, Trapagaranko Franciscanas de Montpellier, Balmasedako Zubizaharra ikastetxea eta Sopelako Ander Deuna ikastola. Arratsaldez bigarren funtzioa izango da 19:00etan eta publiko orokorrari zuzendua. Arratsaldeko emanaldiko sarrerak 10 €ko prezioa du eta, Arriagako takiletan edota www.teatroarriaga.com -en daude salgai.
Ikastolako 12 eta 16 urte bitarteko 44 ikasle ari dira 2014ko irailetik INVOC4TIUM prestatzen. Imanol Janicesek (Gorputz Heziektako irakaslea), Edu Sernak (Ikastolako Zuzendari Pedagogikoa) eta Irantzu Zabalzak (Lhko irakaslea) zuzendutako saio honetan, helburu nagusia, euskararen sustapena eta kultura egiteko beste modu bat aldarrikatzea da. Hori guztia, disziplina anitzeko ikuskizun batean uztartuz. Zentzu honetan, ikasleak motibatzen dituzten alorrak landuz garatzen dituzte euren konpetentziak– gidoia sortu, abestien letrak moldatu, lan audiobisualak egin, dantzak, aktuazioak eta bestelakoak koordinatu-. Horrela, disziplina, talde lana eta batez ere, bizikidetza bezalako baloreak landu dira prozesuan zehar. Musikal honek duen beste helburu nagusietako bat natura zainketa sustatzea da. Mezu hau indartzeko asmoz, ikuskizun berri bat ikusiko da lehenengo aldiz emanaldi honetan. Horrek guztiak, Iruñako Mankomunitatearen laguntza izan du.