Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiari euskarak egiten dion ekarpena ezagutu, euskarak sortzen duen aberastasun ekonomikoa neurtu eta euskara-sektoreen dimentsio eta balio ekonomikoa kuantifikatzea izan da ikerlan honen helburua. Soziologia eta filologiaren ikuspegiak erabilita, ikerlan asko egin dira euskarari buruzkoak; EAEko testuinguru ekonomikoan euskarak mugiarazten duen merkatua eta eragina neurtzeko zientzia ekonomikoen begiradatik egindako ikerlan oso gutxi dago ordea. Azterketa honek garbi erakusten du euskara euskal ekonomiaren jarduera-sektore bat gehiago dela.
Ikerlanaren xehetasunetan sartu aurretik, Patxi Baztarrikak honakoa adierazi du sarrera modura: “Aurreiritzi linguistikoa, prejuizio linguistikoa, aldez aurretik bururatutako ideia bat da; eta, gertakarien eta errealitatearen ezagutza objektiboa oinarri hartu beharrean, karga emozional handia duen uste huts bat besterik ez da bere funtsa, sinismen bat; aurreiritziak eramaten gaitu, norberak daukanarekiko desberdina den hori -adibidez hizkuntza- kontuan ez hartzera, gutxiestera edo esplizituki arbuiatzera. Kontua da norberaren hizkuntza goraipatzea, bera balitz bezala gizartearen eta norberaren aurrerapenerako egiazki balio duen bakarra. Aurreiritzi linguistikoa arma bereziki eraginkorra da, hizkuntza hegemonismoak eta elebakartasunak bizirik iraun dezaten. Hizkuntza aniztasunaren historia aurreiritzi, mito eta estereotipoz josita dago”.
Eta gehitu du: “aurreiritzi horietako bati buruz eskatuko dizuet zuen arreta: zehazki, balio ekonomikoa duten hizkuntza efikazen eta baliagarriak ez diren –baliogabeak diren- hizkuntzen artean egiten den bereizketari erreparatzeko eskatzen dizuet. Euskal gizarteko zenbait sektoretan oraindik bizirik dagoen aurreiritzia da hori, eta, nire ustez, aurreiritzi hori jaun eta jabe dabil gaur egun Espainiako Estatuan, eta baita ere bere hizkuntza aniztasuna aitortzen eta errespetatzen duen Europako Batasun honetan. Garai bateko hizkuntza handien eta txikien arteko bereizketaren bertsio eguneratua da balio ekonomikoa duten hizkuntza efikaziadunen eta efikaziarik edo baliagarritasunik gabeko hizkuntzen arteko bereizketa prejuiziosoa”.
“Europan indarrean dago oraindik “Estatua-Nazioa-Hizkuntza” paradigma zaharra, Europako Batasunean ofiziala izatea eta Estatu hizkuntza izatea lotzen dituena. Ez da inklusiboa, ezta ekitatiboa ere, lehen eta bigarren mailako hizkuntzen artean bereiztea, hizkuntza efikazen eta osagarri edo “betegarrien” artean bereiztea, globalizazio eta Estatu hizkuntzen eta “beste” hizkuntzen artean bereiztea, gainerako guztiak gutxiengoen hizkuntzak balira bezala. Nahastu egiten dira gutxiengo baten hizkuntza eta hizkuntza gutxiagotua, eta ahaztu egiten da modu okerrean gutxiengoen hizkuntza deitzen diren horietako asko –hizkuntza ertainak edo erregionalak– lehen hizkuntzatzat sentitzen dituela europar ugarik, eta milioika europar herritarrek erabiltzen dituztela ohikotasunez hezkuntzan, unibertsitatean, enpresan, administrazioan, kultur sorkuntzan, informazio eta komunikazioaren teknologietan eta hedabideetan. Hizkuntza biziak dira, kasu batzuetan oso dinamikoak, baina ez dute bizi-indarra bermatua etorkizunean”, gehitu du sailburuordeak.
“Euskara, adibidez, Interneten nabigatzeko erabiltzen diren hizkuntzen artean 44.a da, Twitter-en erabiltzen diren 33 hizkuntzen artean dago, Wikipedian 34.a da eta Europar Batasuneko 10 Estatu hizkuntzatan baino artikulu gehiago daude euskaraz hor, Wikipedian. Baina, hala ere, kuestionatu egiten da bere balio ekonomikoa. Balio ekonomikoa duten hizkuntza efikazen eta baliagarriak ez diren hizkuntzen –kultur ondare huts diren hizkuntzen- arteko bereizketaren aurrean gaude. Horregatik -eta hau gauza berria da gurean- ikerketa egin dugu euskarak Barne Produktu Gordinean (BPG), Balio Erantsi Gordinean eta enpleguan duen eragin ekonomikoari buruz. Ikerketaren emaitzak agerian jartzen du, argi eta garbi, euskarak gure gizartearen sare ekonomikoan duen garrantzia, eta lagungarria da, euskararen eragingarritasun eta baliagarritasun ekonomikoa zalantzan jartzen –edo ukatzen– duen aurreiritzia desintegratzeko”, bukatu du Baztarrikak.
Meirion Prys Jones-ek honakoa adierazi du: “NPLD sarearen helburua da Europan hizkuntza aniztasuna sustatzea. Egia esan, ez dugu ezagutzen gaur aurkeztu dugun bezalako ikerlanik beste komunitate batean. Berriz ere, euskal komunitatea da jarraitu beharreko bidearen gidaritza daramana”.