Euskarazko Produktuen Katalogoa 0-12 urte arteko ume eta gazteentzat euskarazko ehunka erreferentzia batzen dituen argitalpen baliagarria da. Aurten, Bizkaiko 46 udalerrik eta Enkarterriko zein Txorierriko mankomunitateek (guztira 61 udalek) zabalduko dute katalogoa udalerriko biztanleen artean. Euskarazko Produktuen Katalogoa Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako euskara teknikariek landutako egitasmoa da eta Euskal Herriko 140 bat udalerritan banatuko da.
Merkatuan dauden euskarazko produktuen artean hautaketa egin da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta; eta zazpi ataletan sailkatuta jaso dira: musika, liburuak, aldizkariak, DVD filmak, jostailu eta jokoak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa egiten da. Aintzat hartu behar dugu urteko sasoi paregabea dela seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jokoak erosi eta oparitzeko.
Papereko euskarriaz gain, www.katalogoa.eus webgunea mugikor eta tabletetan ikusteko egokituta dago, eta paperean jasotako produktuez gain, merkatuan aurki daitezkeen beste asko agertzen dira. Idazle, musikari, filmagileekin egindako elkarrizketak, haien inguruko albisteak, nobedadeak, iritziak, ikusi eta irakurtzeko aukera izango duzu webgune berrituan. Gainera, argitaletxearen denda birtualera iristeko aukera dago produktuaren gainean klik eginez eta, nahi izatera, begiz jotako produktuaren erosketa etxetik egiteko.
Urte osoan bizirik eta eguneratua dagoen gunea da katalogoa.eus Produktuen bilaketa azkarra egiteko aukera ere ematen du, adinaren, prezioaren nahiz beste ezaugarri batzuen arabera merkatuan dauden produktuak aurkitzeko Bizkaian, guztira, 38.000 paperezko katalogo baino gehiago eta 20.000tik gora orri-markatzaile banatuko dira. Gainera, EPK zabaltzeko, kartelak eta informazio-gutunak ere erabiliko dira.