Biribilko programako euskarako ikastaroak urian merkataritzan lan egiten duten pertsonentzat dira. Azken urtean, haren aurreko ikasturtearen aldean, % 12,1 hazi zen parte-hartzaileen kopurua. Horrela bada, edizio honetan guztira 176 pertsona matrikulatu dira euskara ikasteko eta praktikatzeko.
Maiatzera eta ekainera arte ikastaro-mota bi ematen ari dira:
- Euskara komertzialeko oinarrizko ikastaroa 87 ordukoa, euskaraz ez dakiten edo oso gutxi dakitenentzat. Ahozko oinarrizko komunikazioa lantzen dute eta merkataritzako egoera arruntetarako hizkuntza-oinarriak ematen dizkiete.
- 100 orduko ikastaroa, euskara hobetzeko, ahozko euskararen eta idatzizkoaren maila hobetu nahi dutenentzat.
2008an, Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Bilbao Ekintza udal sozietateak, HABErekin (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea), euskaltegien sarearekin eta Bilbao Dendak elkartearekin elkarlanean, abian jarri zuten merkataritzan euskara sustatzeko Biribilko programa, bultzada emateko Bilboko merkataritzaren arloan euskararen normalizazioari eta hizkuntza hori agerian egoteari.
Merkataritza urian gizarte eta ekonomiaren ikuspuntutik dauden sektoreetan garrantzitsuenetakoa da. Alde batetik, Bilbo inbertsiorako uri erakargarria izatea, enplegua eta aberastasuna sortzen dituen uria izatea eta nortasunari eustea garrantzitsuak dira gure uriak etorkizunari begira identifikatuta dituen lau erronketan; eta, hain zuzen, nortasunari eusteko euskarak berebiziko garrantzia du.
Bilboko Udalak, horrela, Biribilko programarekiko konpromisoa berretsi du 2016-2017 ikasturteko ikastaroei begira.
Parte-hartzaileen balorazio ona
Aurreko edizioan Biribilko programako ikastaroetara joan ziren pertsonen balorazioak oso onak izan ziren. 0 eta 10 arteko eskala batean batez besteko puntuazioa 8,4 izan zen 2014-2015 ikasturtean. Gainera, ikastaroa amaitu zuten ikasleen indizea % 68,3 izan zen.