Eman giltza programa lelo berriarekin datorkigu aurten: “Ikusten duguna gara”. Programaren helburua, euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzeak duen garrantzia nabarmentzea da.
Aipatutako kanpaina Bizkaiko hainbat familiak jasoko dute eta, Alkarbide bilguneak koordinatuta eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestuta, orain dela urte batzuk martxan hasi zen egitasmoa da.
Horretarako, ume jaioberriak dituzten gurasoek umearen ingurune hurbilean euskara sustatzeko informazio diptikoa jasoko dute etxean eta euren kezka eta beldurrak uxatzeko prestatu den emangiltza webgunearen berri ere izango dute. Horrez gain, KU-KU liburuxka eta CDa ere banatuko zaizkie. Liburuxka horretan, besteak beste, abestiak, euskarazko oinarrizko hitzak eta esamoldeak daude jasota.