Bilboko Udalaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, ostiral honetan, Euskararen Egunaren ospakizunarekin hasiko den eta poesia errezitaldiak, liburu aurkezpenak, musika eta antzerkia jasoko dituen programazio bereziarekin itxiko du urtea. Ohikoa denez, jarduera guztiak 19:30ean hasiko dira, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte.
Abenduko programazio berezia ostiral honetan, abenduaren 1ean, hasiko da, poema irakurketarekin, Miren Agur Meabe eta Anjel Lertxundi idazleen eskutik, Euskararen Eguna ospatzeko. “Hitzak hots” izenburupean, topaketak, poesiaren eta musikaren artean dagoen fusioaren isla izan nahi du. Hori dela eta, bi idazleen gogoetez eta testuez gain, Antton Valverde musikariak bost poetaren zortzi abesti berri aurkeztuko ditu pianoan: Itxaro Borda, Arantxa Urretabizkaia, Tere Irastortza, Jule Goikoetxea eta Miren Agur Meabe bera.
Abenduaren 14an, “Beroki gorria & el abrigo rojo” Gabon ipuin bat bezala & como un cuento de Navidad (Ibaizabal argitaletxea, 2016) liburu ilustratuan oinarritutako ikuskizuna aurkeztuko du. Gidoia eta kontakizunak, euskaraz eta gaztelaniaz, Patxi Zubizarretarenak dira, eta marrazkiak Yolanda Mosquerarenak. Maddi Oihenartek jarriko dio ahotsa ipuin ilustratuari, Imanol Elizasu & Zariatxok koruetan lagunduta, txelo eta akordeoi musikarekin eta Sahatsa Ramírezek eskainiko duen zuzeneko dantzarekin.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren, literaturaren eta ezagutzaren garapena eta sustapena dituen gunea da.