Bilboko Udalak foileto bat argitaratu du herritarrei Santo Tomasetan lehen berba euskaraz egiteko adore emateko. 30.000 foileto argitaratu ditu eta abenduaren 21ean banatuko dituzte 15 gaztek.
Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak dituen helburuen artean ahalik eta herritar gehienek euskara egunero erabiltzea dago, gizartea elebiduna izateko. Horretarako elkarrizketa guztietan lehen berba euskaraz izatea planteatzen du. Hots, herritarrek naturaltasunez erabil dezatela.
Santo Tomas azoka dela-eta, 15 gaztek foiletoak banatuko dizkiete jaigunera sartzen direnei. Jaigunerako sarbideetan jarriko dira foiletoak banatzen: Areatzara Zingira kaletik (Udaletxe aldea) sartzeko lekuan; Areatzako zubian; eta Erribera kalean, Arriaga Antzokiko atzeko aldeko tranbiaren geltokiaren parean. Metroaren Zazpi Kaleetako geltokiko irteera bietan ere jarriko dira.
Ahalik eta pertsona gehienengana heltzea da asmoa eta foileto horren bidez Santo Tomas eguneko jai-giroan euskaraz ondo pasa dezatela. Jendeari lehenengo urratsa emateko adore eman nahi die udalak, euskaraz dakitenek euskaraz egin dezaten.
Goiburua hauxe: “Santo Tomas azokan ere… lehenengo berba euskaraz…” Publizitatea baino gehiago da foiletoa; izan ere, hainbat hitz modu dibertigarrian ezagutzera eman nahi ditu, gal ez daitezen; esate baterako, hainbat maitasun-esapide (pitxin, laztana, kuttun, bihotza…) edo azokako berbak jasotzen dituen hiztegitxo bat. Foiletoa gordetzeko eta etxera eramateko pentsatuta dago. 2018. Urtean ere esaten dugun lehenengo berba euskaraz izatea planteatzen da bertan.
Bilbo uri euskalduna da eta Santo Tomas azoka dugu ipar hemisferioko bilbotar gehien biltzen dituen azoka. Bilbotar horiek azokaz gozatuko dute eta euskaraz egin dezaten nahi dugu.
Bilboko Udalaren helburua bizitzaren arlo guztietan euskararen normalizazioa lortzea da. Horregatik, kultur kontsumoa euskaraz bermatu nahi dugu eta ezagutzera eman, euskal hiztunen komunitatea indartuz eta jendea bertan egonda eratzen diren sareak eta sare birtualak sendotuz. Horretarako euskararen erakargarritasuna azpimarratu behar da eta modu egokian proiektatu, euskarak erabilera anitz gordetzen dituelako eta hizkuntzara hurbiltzen diren guztiei harrera egiteko leku nahikoa duelako.
Euskararen Aholku Batzordearen barruan egindako lanaren ondorioz euskara kalera ateratzeko ekintza batzuk egitea planteatu da, baita hizkuntzaren eguneroko erabileraren beharra azpimarratzeko zenbait ekintza ere, hain zuzen, gizarte elebiduna lortzeko.
Hortik “Hirian ere… lehenengo berba euskaraz…” ekimena. Honek ekintza batzuk izango ditu eta lehenengoa Santo Tomas egunekoa da, hots, “Santo Tomas Azokan ere… lehenengo berba euskaraz.” izenekoa.