Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak, ALKARBIDE bilgunearen (Bizkaiko udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuen bilgunea) koordinazioari esker, abian jarri du euskarazko hezkuntza ereduen aldeko kanpaina, seme-alabak aurrematrikulatzeko garaia izanik, gurasoak animatzeko D eredua aukeratu dezaten seme-alabentzat; Euskaraz ikasi, euskaraz bizi!! matrikulazio kanpaina. Horretarako, 2.512 liburuxka banatu dira 2016an jaiotako Bilboko umeen familien artean.
Uriko ikastetxeetan matrikulatzeko epea urtarrilaren 29an hasi eta otsailaren 9an amaituko da. Kanpaina honek epe horrekin bat egiten du eta ume txikiak D ereduan eskolatzearen onurak azpimarratzen ditu: umeen benetako elebitasuna bermatzen du eta, beste alderdi batzuen artean, umeen sorkuntza, komunikazioa eta kulturen aniztasuna ahalbidetzen du; beste alde batetik, irakaskuntza arloko Itziar Idiazabal adituaren hitzak ere gehitu dira bertan.
2016/2017 ikasturtean, Bilbon haur-hezkuntzan eta lehen hezkuntzan matrikulatutako umeen %95 euskarazko ereduetan matrikulatu ziren.
Informazio gehiago: Zer behar? Euskaraz eskolaratu