Aurreko urteetan bezala aurten ere Bilboko Udalak, Bizkaiko hainbat udalerrirekin batera, abian jarri du Nahi dudalako! kanpaina. Kanpainaren helburu nagusia da DBH euskaraz egin duten gazteek hortik aurrerako ikasketak ere euskaraz egitea.
Alkarbidek, Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak, koordinatu duen proiektu honetan Bizkaiko 16 udalerrik eta 2 mankomunitatek parte hartu dute.
Egitasmoaren hartzaileak kanpainan parte hartu duten udalerrietako DBH4 ikasten ari diren gazteak eta horien gurasoak dira.
Kanpainaren helburua Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailan ari diren gazteek hortik aurrerako ikasketetan ere euskarazko eredua aukeratzea eta horretarako behar duten informazio guztia ematea da, gazteoi zein euren gurasoei. Informazio hori www.nahidudalako.eus webgunean dute ikusgai.
Kanpainaren ardatza www.nahidudalako.eus webgunea da. Bertan gazteek Batxilergoa zein Lanbide Heziketa euskaraz egiteko duten eskaintzaren berri zehatza jasoko dute. Unibertsitateko eskaintza zein den ikusteko aukera ematen du web guneak eta horrekin batera, etorkizunera begira, izan ditzaketen hainbat zalantza argitzeko balioko die.
Aurten, kanpaina berrikuntza batekin dator: bideo bat grabatuko da partehartzaile guztiekin eta euskararekin izan duten harremanaren eta esperientziaren berri emango dute.
Gainera, web gunean sartu eta inkestan parte hartzen duten gazteek hainbat sari irabazteko aukera izango dute, hola nola, Ipad 32GB ORO- MPGT2TY/A, Gopro hero 5 session eta Polar M400.
Web gunearekin batera kanpainaren berri emateko diptikoa banatu zaie kanpaina bultzatu duten udalerrietako gazteei. Hain zuzen ere, Bilbon 2.870 diptiko banatu dira martxoan, maiatzaren lehenengo hamabostaldian izango den matrikulazio eperako gazteek euskaraz ikasten jarraitzeko dituzten aukera guztiak aztertzeko denbora izan dezaten.