Bidebarrieta Kulturguneak, Hektor Ortega historiagile bilbotarraren azken saiakeraren aurkezpen ekitaldia jasoko du ostegun honetan, urriaren 18an.
“Tretatxu, lapurren gobernadorea” (Txertoa arg.), Tretatxu ezizenez ezagutzen zen XVIII. mendeko euskal bidelapur baten figurari buruzko lana da.Ekitaldia euskaraz izango da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan,19:30ean, sarrera librearekin aretoko leku guztiak bete arte. Egilearekin batera Joseba Agirreazkuenaga EHU/UPVko Historia Garaikide katedradunak aurkeztuko du ekitaldia.
“Tretatxu, lapurren gobernadorea”, Bautista Landa, Tretatxu (1716-1761) bidelapur bizkaitar ahaztuari buruzko saiakera biografiko zirraragarria da. Gaizkile gisa izan zuen ibilbidea laburra bezain bizia izan zen, eta gaur egunera arte iraun duen dokumentazio judizial handia utzi zuen. Dokumentazio horretan oinarrituta, Hektor Ortega kazetari eta historiagileak Tretatxuren bizitza irudikatzen du eta, interesgarria den eztabaidarako gaia aurkezten du: Existitu al da bidelapur soziala Euskal Herrian?
Bautista Landa, Larrauriko baserritarra izan zen, eta baserria eta soroko lana utzi eta bidelapur bilakatu zen. Garai hartan bidelapur izatea endemikoa zen, baserritarrak bazter uzten zituen gizarte arloko krisi handia baitzegoen. Tretatxu ezizenez 1751 eta 1753 egon zen legez kanpo, Azkoitian harrapatu zuten arte. Atxilotu, epaitu eta heriotzera zigortu zuten. Valladolidera eraman zuten, eta zortzi urte geroago hil zen kartzelan. Bere gorabeherei buruzko dokumentazio asko kontserbatu da, eta baita kopla herrikoiak ere, folklorearen barruan. Bizkaiko lapur guztien gobernadorea izenez ezagutzen zen.
Hektor Ortega (Bilbo, 1966) Geografian eta Historian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, Sua Edizioak argitaletxeko editorea, eta bere ibilbide profesionalaren parte handia zenbait euskal mediotako kazetari gisa egin du. Euskal Herria, historia, paisaje y cultura lana eta zenbait gida idatzi ditu, Excursiones a lugares históricos, besteak beste.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta hedapena dituen gunea da.