IKUSI ETA IKASI umeentzako euskarazko programa 4 eta 8 urte bitarteko umeentzat da, eta aurten izango du XV. aldia. Bilboko Udalak, Euskaltzaleen Topagunearekin batera (Euskararen aldeko kultur elkarteen federazioa), umeentzako euskarazko ikuskizunik onenak programatu ditu berriro Bilboko barruti guztietan. Ekimen honen helburua da Bilboko umeek beren aisialdian euskara modu dibertigarrian erabil eta goza dezaten sustatzea, haiek kulturaren bidez heziz eta kalitatezko programazio bat eskainiz.
Otsailaren 1ean hasiko dira umeentzako programazio honetako jarduerak, eta maiatzaren 16ra arte iraungo dute. Guztiz doan izango dira 75 ikuskizunak, arlo anitzetakoak: lantegi edo antzerki, dantza, magia, zeinu-hizkuntza, ipuin kontalari, zirku edo musika emanaldi gisakoak izango dira. Zehazki, 31 ikuskizun eta 44 lantegi eskainiko dira.
Ikuskizunak doakoak dira. Sartzea librea izango da, lekuak bete artean; baina, ostera, lantegietan parte hartzeko ezinbestekoa izan da izena ematea.
Lantegi eta ikuskizun guztiak euskaraz izango dira. Guztira, 75 jarduera izango dira, Bilboko barruti batzuetan eta besteetan eskainiak, aisialdia, kultura eta heziketa batzen dituztelarik. Jarduerak leku hauetan izango dira: Begoña, Basurtu, Errekalde, Castaños, Deustu, Santutxu, Zorrotza, Olabeaga, eta Abandoko udaltegietan, Ibaialdeko liburutegian, Euskararen Etxean (San Inazio), Atxuriko Auzoetxean, Indautxuko El Carmen Aretoan, Zamakolako Juan Delmas eskoletan, Miribillako Iruartetan eta Epaltzaren Alargunaren kalean.
Jardueren barruan, Bilboko umeek aukera izango dute antzerkia, ipuin kontalariak, dantza, zirkua, magia eta musika-emanaldiak gozatzeko.
Aurten 4 eta 8 urte bitarteko umeentzat eskaintzen diren lantegiak hauek dira:
- CONTACT-KIDS. Familia barneko komunikazioa hobetzeko metodologia bat da, elkar ukitzearen bidezkoa, guraso eta txikien arteko konfiantza hobetzen duena.
- EUSKAL ARTISTAK. Artearen inguruko lantegia, estanpazioaren teknika eta paperezko eskultura txikiak baliatzen dituena.
- TXIKI ERRITMO. Erritmoa eta gorputz adierazpena uztartuko dira sormena garatzeko, harremanak lantzeko eta adierazteko eta mugitzeko gaitasunak hobetzeko tresnak eskuratzearren.
- TRAPUZKO PANPINAK. Trapuzko panpinak sortzea irudimenarekin eta plastikozko orratzekin. Lantegi honetan, helduen laguntasuna beharko da oihala, zapitxoak eta feltroa josteko.
- ZIENTZIA LANTEGIA. Lantegi honetan, benetako zientzialarien moduan ikasiko dute limoi batekin elektrizitatea sortzen, su-ziri bat espaziora igortzen eta abar.
Jarduera guztiak 18:00etan hasiko dira, salbu eta larunbatekoak, 12:00etan izango baitira.
Lantegiak 18:00etan hasiko dira, baldin eta saio bakarrekoak badira, eta egun baten bi saio eskaintzen badira, lehena 17:15ean izango da, eta bigarrena 18:30ean. Nabarmendu behar da ezen azken eguna, maiatzaren 16koa, Indautxuko El Carmen Aretoan izango dela: han, umeentzako IKUSI ETA IKASI programaren 15. urteurrena ospatuko da, ikuskizun berezi baten bidez. Urtebetetze-festa bat izango da, EPA TXIKIk emango duen musikazko antzerki batekin. 18:00etan izango da, eta sarrera librea izango da aretoa bete arte.
IKUSI ETA IKASI Bilboko Udalaren programa bat da, Euskara Garatzeko Ekintza Planaren helburuetan oinarritua: hain zuzen, hizkuntza transmisioa, kalitatea eta zerbitzua.
5.000 LAGUNEK BAINO GEHIAGOK PARTE HARTU ZUTEN IAZKO EDIZIOAN
IKUSI ETA IKASI programak 15 urte bete ditu, 2005ean hasi zenetik, Bilboko umeek beren aisialdian eta era dibertigarri batean euskara erabil dezaten sustatuz. Iazko edizioan Ikusi eta Ikasi programak 5000 pertsona batu zituen eta magiaz, musikaz, sukaldaritzaz, antzerkiaz edota dantzaz gozatu ahal izan zuten…
Zehazki, Begoñako udaltegiak 728 lagun batu zituen, Deustuko Bidarte udaltegiak 491, Errekaldeko udaltegiak 768, Olabeagako udaltegiak 75, Santutxuko udaltegiak 146, Zorrotzako udaltegiak 231, Iruarteta ikastetxeak 145, Zamakolako ikastetxeak 175, Castaños/Tiboliko udaltegiak 429, Basurtuko udaltegiak 378, Euskararen Etxeak 119, Ibaialdeko liburutegiak 75, Azkuna Zetroak 53 eta, azkenik, El Carmen Aretoak 970.