Martxoaren 3an, 4an eta 5ean arratsaldeko 19:00etan Euskaltzaindiaren egoitzan
Bilbo Zaharra Forumek ‘Egilea eta ilustratzailea’ jardunaldiak antolatu ditu.
Martxoaren 3, 4 eta 5ean, ‘Egilea eta ilustratzailea’ jardunaldiak egingo dira Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan.
Martxoaren 3an Anjel Lertxundi eta Antton Olariaga izango dira. Lertxundik haurrentzako bilduma ugari idatzi ditu (‘Madame Kontxesi-Uribe Brigada & Detektibe’ eta ‘Tristeak kontsolatzeko makinak’) eta Olariagak urte asko darabiltza literatura munduan ilustrazioak egiten, Berriako ‘Zakilixut’ komiki tirarekin, esate baterako.
Martxoaren 4an, Bernardo Atxaga eta Mikel Valverde izango dira protagonista. Atxagak lan asko argitaratu ditu haurrei zuzenduta (‘Nikolasen abenturak eta kalenturak’, ‘Ramontxu detektibea’ edota ‘Bambulo’ saila). Valverdek, aldiz, haur eta gazte literaturako ilustratzaile bezala dihardu 1995 urtetik, eta, besteak beste, Atxagaren ‘Xola’ eta ‘Bambulo’ obretan hartu du parte.
Azkenik, martxoaren 5ean, Mariasun Landa eta Elena Odriozolaren txanda izango da. Landak liburu asko argitaratu ditu (‘Txan Fantasma’, ‘Alex’ edo ‘Krokodiloa ohe azpian’) eta hainbat sari jasotakoa da (Lizardi Saria edota Euskadi Saria). Odriozolak ere argitalpen ezberdin askotan egin du lana eta hainbat sari irabazi ditu (Euskadi Saria 2009 eta 2013an, beasteak beste).
Hiru hitzaldiak Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Barrian duen egoitzan izango dira 19:00etan.
Informazio gehiago: Bilbo Zaharra Forum