Sareko proben lehia, online talentu lehiaketa, tailer eskaintza oparoa eta programari amaiera emateko Harrapazank zuzeneko jaia dira aurtengo edizioko berrikuntza nagusiak.
Bilboko Udalak eta Topaguneak hiriko gazteen artean euskara sustatzeko antolatzen duten “Harrapazank” kultur programa arrakastatsuak, konfinamenduak eragindako oztopoen ondorioz, udaberri honetarako aurreikusitako eskaintza eraberritu du. “Harrapazank isindahouse” programak kulturaz gozatu, sorkuntzan murgildu eta euskara indartzeko tailer, ekitaldi eta lehiaketa interesgarriak eskainiko ditu Bilboko gazte euskaldunen etxeetan, apirilaren 20tik maiatzaren amaierara arte, etxean gelditzea ezinbestekoa ez ezik, erakargarria ere izan dadin.
Harrapazank-en online bertsioak programaren jatorrizko helburu bera du: Bilboko 10 eta 18 urte bitarteko gaztetxoei euskarazko kultur eta aisialdi-jarduera parte-hartzaile eta berritzailea eskaintzea. Etxeratze-aginduaren eragozpenari aurre egiteko asmoz, “Harrapazank isindahouse” ekimenak, etxetik aritzeko lau aukera prestatu ditu: “Klikazank” sareko proben lehiaketa, “Harrapazank eszena” talentu lehiaketa ezagunaren online bertsioa, “Arratsaldeak” tailer eskaintza oparoa eta Harrapazank zuzeneko jaia.
Programak hainbat sari banatuko ditu gailu eta opari-txarteletan, eta parte hartzeko xehetasunak www.harrapazank.eus webgunean eskura daitezke.
KLIKAZANK: SAREAN EUSKARAZ NABIGATZEN GOZATZEKO DEMA
10 urtetik gorako Bilboko gazteek Klikazank lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute apirilaren 20tik aurrera. Lehiaketak sarean egin beharreko 6 proba ditu; astero proba bat argitaratuko da www.harrapazank.eus webgunean eta sare sozialetan. Parte-hartzaileek astebeteko epea izango dute proba bakoitzaren erantzun zuzena harrapazank@gmail.com helbidera bidaltzeko, eta proba bakoitza gainditzen dutenen artean, opari-txartelak zozkatuko dira. Era berean, proba bakoitzaren irabazleak opari-txartel bat jasoko du, eta lehiaketaren garaileak iphone 8 bat irabaziko du. Beste iphone 8 bat zozkatuko da lehiakide guztien artean.
Lehenbiziko proba astelehenean argitaratuko da, apirilak 20, eta azkena maiatzaren 25ean. Proben emaitza orokorrak eta irabazleen izenak Harrapazank zuzeneko jaian emango dira jakitera, maiatzaren 30ean.
HARRAPAZANK ESZENA: TALENTUA GARATZEKO BIDEO-LEHIAKETA
Bilboko artista gazteek etxetik mugitu atera gabe parte hartu ahal izango dute Harrapazank Eszena talentu lehiaketan. Apirilaren 20tik aurrera, gaztetxoek haien ekitaldien bideo-castingak bidali ahalko dituzte, eta bideo guztien artean, Ylenia Baglietto, Ugaitz Alegria, Xabi Hoo, Iholdi Beristain eta Aritz Mendiola coachek 15 lanik onenak aukeratuko dituzte finalaurrean. Coach ezagun hauek finalisten proposamenak hobetuko dituzte ondorengo bi asteetan, gaztetxoei aholkuak emanez eta lanen tutorizazioa eta jarraipena eginez, eta ondoren, epaimahaiak lehiaketako garaileak izendatuko ditu: bi irabazle Junior kategorian eta beste bi Senior kategorian. Orain arte bezala, Harrapazank Eszena proiektuak 500 euroko sari bana emango die irabazleei.
Lehiaketa honetan hiru modutan parte-hartzeko aukera dago: bakarka, etxe bereko gaztetxoen arteko taldea osatuz, edota etxe ezberdinetan bizi diren gazteen arteko taldearen bitartez. Bideo eta audio edizioak egiten ikasteko tutoriala Harrapazank Arratsaldeak tailerretan landuko da, eta horren kariaz, bideo-castingak bidaltzeko epea zabaltzen den egunetik aurrera, partaideek bideo-edizio tutorial bat jasotzeko aukera izango dute, Harrapazank-en ibilitako Ane Zugaza, Maddi Urkijo eta Maddi Gutierrez sortzaile gazteen eskutik.
HARRAPAZANK ARRATSALDEAK: 11 TAILER 30 EGUNETAN
Apirilaren 25etik maiatzaren 25era bitartean, www.harrapazank.eus webguneak tailer berri bat eskainiko du hiru egunean behin, askotariko gaiak jorratzeko: DJ bilakatzeko lehen urratsak, mago baten lehen trikimailua, zumba euskal musikarekin, makillajearen hastapenak, tik-tok aplikazioa erabiltzeko tutoriala….
Gazteek nahieran parte hartu ahal izango dute tailer hauetan, norberak etxean antolatua duen errutinari jarraiki eta ongien datorkion egunean eta orduan, baina betiere kontuan hartuz tailerren horietako bakoitza 72 orduz baino ez dela egongo www.harrapazank.eus webgunean.
Tailerretan ikasitakoa praktikan jarri eta harrapazank@gmail.com helbidera zein webgunera bidaltzera ausartzen direnak zozketa batean sartuko dira, eta honen irabazleak Harrapazank zuzeneko jaian iragarriko dira.
HARRAPAZANK ZUZENEKO JAIA: #HARRAPAFEST
Harrapafest online jaia Instagram plataforman antolatuko da maiatzaren 30ean, 18:00etatik 24:00etara bitartean, Harrapazank komunitateko kide guztien parte-hartzeaz. Azken urteotako ohiturari jarraituz, Miren Gaztañaga aktoreak Eszenako 4 irabazleen lanak aurkeztuko ditu, eta aurtengoan Txurru arduratuko da ekitaldia musikaz girotzeaz, Gaztea Irratiko kolaboratzaile ezagunekin batera, izan ere, azken hauek beren gustuen eta egungo joeren araberako abestien play-list tematikoak eskainiko dituzte astez aste www.harrapazank.eus webgunean eta Istagramanen. Ylenia Baglietto, Ugaitz Alegria, Xabi Hoo, Iholdi Beristain eta Aritz Mendiola coachek ere parte hartuko dute guztiontzat irekita egongo den jai honetan.
Info+: www.harrapazank.eus | harrapazank@gmail.com | #Harrapazankisindahouse