Bilboko Udalak eta Topaguneak Bilboko familien artean euskara sustatzeko antolatzen duen “Ikusi eta Ikasi” kultur programa arrakastatsuak, konfinamenduak eragindako oztopoen ondorioz, udaberri honetarako aurreikusitako eskaintza eraberritu du. Makusi programaren laguna ere etxean gelditu da, eta Zuriñe Hidalgo aurkezle ezagunarekin batera, online eskainiko die hiriko familiei aisialdian euskaraz gozatzeko aukera.
Apirilaren 27tik maiatzaren 16ra bitartean egunero saio bat (tailer edo ikuskizuna) argitaratuko da www.ikusietaikasi.eus webgunean, eta familiek nahieran gozatu ahal izango dute, etxeko ohitura eta errutinari jarraituz eta ongien datorkien orduan. Saio bakoitza hiru egunez egongo da ikusgai web orrian.
Parte hartzeko xehetasunak www.ikusietaikasi.eus webgunean izango dira ikusgai apirilaren 27tik aurrera. Online eskaintza denez gero, ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena emanda egotea. Nahikoa izango da aipatutakoa webgunean sartu eta gustuko aukeraren gainean klikatzea. Hala ere, programan izena eman zuten familia guztiek emaila jasoko dute, eskaintzaren nondik norakoak azaltzeko.
Beti bezala, “Ikusi eta Ikasi” programak familia giroan kulturaz gozatu, sorkuntzan murgildu eta euskara indartzea du helburu, 4 eta 10 urte bitarteko umeen familiei zuzendutako hainbat diziplinatako saio, tailer eta ikuskizun interesgarrien bitartez. Programa oso modu erraz eta erosoan antolatuta dago, eta 8 urtetik gorako neska-mutilentzako ekitaldiak “8+” etiketarekin nabarmendu dira.
“Ikusi eta Ikasi” programa hitzordu finkoa bilakatu da familia askoren urteko aisialdiaren agendan, askotxo baitira programak familian eta euskaraz gozatzeko eskaintzen dituen gune, une eta abaguneak. Aurtengo edizioa urtarrilaren 31n aurkeztu eta martxan izan da Bilboko 15 udaltegitan, harik eta, martxoaren 12an, Covid 19ak eragindako alerta egoeraren ondorioz, konfinamendua ezarri zen arte.
Horren harira, joan den astean, Bilboko Udalak Harrapazank programaren online eskaintza erakargarria abiarazi zuen Topagunearekin batera 10 urtetik gorako gazteen sormena bultzatzeko.
Informazio gehiago: www.ikusietaikasi.eus | ikusietaikasi@gmail.com