2018. urtearen bukaeran hizkuntza ohituren aldaketan pauso garrantzitsuak eman ziren Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenaren baitan. 2020 urtean egingo den bigarren edizioan, norbanakoek ez ezik, entitateek ere neurriak hartuko dituzte euren eremuko langile, bazkide edota kideen hizkuntza praktika berriak bultzatzeko. Beraz, norbanakoen erabaki esparruan aritzetik, taldeetara ere egingo da salto bigarren edizio honetan, eta entitatearen lana izango da kideei Euskaraldian parte hartzeko bidea ireki eta erraztasunak eskaintzea.
Hori horrela, entitate publiko eta pribatuek izena eman dute bigarren edizio honetan hizkuntza ohiturak aldatzeko aurrerapausoak ematen jarraitzeko. Bestalde, irailean abiatuko da ahobizi eta belarriprest modura izena emateko garaia eta ordurako herrietako batzordeak buru-belarri izango dira Euskaraldiaren bigarren edizioaren eragina handia izan dadin.