Bilboko Udalak, Euskaltzaleen Topagunearekin batera antolatuta, abian jarri du ikusi eta ikasi euskarazko aisialdi-programaren hamazazpigarren edizioa, 4 eta 10 urte bitarteko umeentzat. Programa otsailaren 9an hasi daeta ekainaren 10era arte iraungo du. Edizio honetan, apirilaren 27ra arte programatu diren jarduerak online izango dira, eta maiatzaren 6tik aurrera, aurrez aurrekoak izango dira, osasun egoerak aukera ematen badu, eta betiere unean-unean indarrean diren arau eta gomendioak begiratuz.
ONLINE SAIOAK
Programazioa online saioekin hasi da. Eskulanetako tailerrak, gorputz ariketa egitekoak edo musikakoak eskainiko dira, guztira 22, apirilaren 27ra arte. Ez dago izena eman beharrik aldez aurretik, eta www.ikusietaikasi.eusweb-orrian egongo dira eskura, lehenengo emanaldia eskaini eta hiru egun geroagora arte: hartara, familiek etxetik gozatu ahal izango dituzte, ondoen datorkienean.
Saioak bi eratakoak dira: “lagun artean”, 8 eta 10 urte bitarteko gazteentzat, eta “familia”, 4 eta 8 urte bitarteko umeentzat, eta beren gurasoekin, neba-arrebekin eta besterekin gozatzeko daude pentsatuta.
Zuriñe Hidalgo izango da aurkezlea, eta, saioetan, programako maskota, Makusi, izango dute lagun umeek eta haien familiek.
AURREZ AURREKO SAIOAK
Maiatzaren 6tik ekainaren 10era arte, saioak aurrez aurrekoak izango dira, betiere osasun egoerak aukera ematen badu eta unean-unean indarrean dauden neurri eta gomendioak begiratuz.
12 ikuskizun daude aurreikusita, zirkuaren, magiaren edo eskulanen ingurukoak, besteak beste, eta barrutietako udaltegietan gauzatuko dira, Bilboko auzoetan; eta El Carmen ekitaldi aretoan ere bai. 4 eta 8 urte bitarteko umeentzat pentsatutako jarduerak dira.
Programatutako ikuskizunetan parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik www.ikusietaikasi.eus web-orrian, martxoaren 1a eta 8a bitartean, biak barne. Interesa duten familien artean zozketa bat egingo da, eta gura beste ikuskizunetarako eman ahal izango dute izena: hala ere, pertsona bakoitzak ikuskizun batera edo bira joan ahal izango du; hartara, ahalik eta familia gehienek parte hartu ahal izango dute.
Maiatzaren 15erako prestatuta dagoen aurrez aurreko beste jarduera bat: familiek aukera izango dute kanta bat sortzeko prozesuan parte hartzeko, eta estudio profesionaletan grabatuko da. Parte hartu ahal duen jende kopurua mugatua da, eta, beraz, parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute www.ikusietaikasi.eus web-orrian, martxoaren 1etik 8ra.
“EUSKARAREN HAZIA”
4 eta 10 urte bitarteko gaztetxoak dauzkaten familiek beren etxeetan jasoko dute programaren gaineko informazioa; oraingo honetan, haziekin egindako papertxo bat jasoko dute programaren gaineko informazioarekin batera, “euskararen hazia” balitz bezala. Txikienek uretan eduki beharko dute gau batean, eta, ondoren, ontzi batean sartu eta lurrez estali, eta, ondo zainduz gero, landare bat izango dute handik laster.