“Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko planaren helburuei erantzunez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak merkataritzan euskara sustatzeko abiatu duen kanpaina da. Iaz egin zen lehenengo edizioak irekitako bidetik jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoko udal guztietara ireki da, eta elkarlanean oinarritu den kanpaina bat eraiki da. Guztira 60 udal baino gehiagok parte hartu dute kanpainan.
Bilbo da kanpainarekin bat egin duen hirietako bat eta bertako udaletxean egin da gaur aurkezpen ekitaldia. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta BilbaoDendak elkarteko presidente Rafa Gardeazabalek aurkeztu dute kanpaina.
Merkataritzaren testuinguruan euskararen erabilera konfiantzarekin lotzen du kanpainak.
Tokiko merkataritzak berezko duen gertutasunak eta betikotasunak konfiantzazko harremana sortzen du. Era berean, harreman horrek kalitatearekin lotura dauka, bai produktuarena eta baita harremanarena ere.
Plan honek herritarrak, kontsumitzaileak, aktibatu nahi ditu erosketa unean euskara erabiltzera animatuz. Eta alderantziz, jarduera ekonomikoa herrian dutenak gonbidatu nahi ditu euskaraz gerturatzen zaion herritarrari euskaraz keinu egitera. Bi erpin ukitzen ditu. Erosterakoan eta saltzerakoan ere egin dezagun lehenengo hitza euskaraz.
Kanpainak gainera euskara, eguneroko erosketarekin, hurbiltasunarekin, herriko harremanekin lotzen du. Gertukoa eta bertakoa lotzen du euskararekin.
Kanpainaren ezaugarri nagusiak Kanpainaren lelo orokorra salerosketan ematen den harremanarekin lotu da. Izan ere, “Jarri betikoa” da denda edo taberna batean konfiantza handiena ematen duen esaldia. Hala, euskara egunerokotasunean erabiltzeko hizkuntza gisa eta konfiantza sortzeko bide gisa aurkezten du kanpainak eta euskararen erabileraren inguruan hausnartzea eta sentsibilizatzea du helburu.
Gaur bertan eman zaio hasiera kanpainari eta abenduaren 31ra bitartean luzatuko da modu ofizialean, nahiz eta eremu batzuetan urtarrilean ere mantenduko den merkealdiei keinu eginez.