Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Bilboko Udalak bendejerak omendu nahi izan ditu; belaunaldiz belaunaldi baserriko produktuak uriko merkatuetara ekarri dituzten (eta ekartzen jarraitzen duten) emakume baserritarrak. Hala,
bada, Udalak aitortza egin nahi izan die hainbeste urtetan landa- eta uri-munduaren arteko zubi-lana egin duten emakume horiei, zeinek, euskal tradizio eta ohiturekiko lotura izateaz gain, euskara Bilboko plaza, merkatu eta kaleetan zabaltzen lagundu baitute.
Omenaldia goizean izan da, Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoan, Juan Mari Aburto alkatea buru. Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntzako zinegotzia eta beste udal ordezkari batzuk izan dira bertan. Gaur egun Erriberako Merkatuan beren produktuak saltzen jarraitzen duten zortzi bendejeretako hiruk parte hartu dute, beren bizitzako uneren batean baratzetik uriko plazetara bidean ibili ziren beste guztien izenean.
Gaur Arabiar Aretora etorritako bendejerek saski itxurako egurrezko oroigarri bat jaso dute, non zera irakur daitekeen: «Eskerrik asko azoka bete bendeja eta otzara bete euskera herritik urira ekartearren. Euskeraren eguna. Bilboko Udala, 2021». Haietako batek, Begoña Bolunburuk, hartu du hitza denen izenean, eta eskerrak eman dizkio Udalari, omenaldiagatik.
Aburto alkateak nabarmendu du gaurko ekitaldia «batez ere, aitortza- eta duintasun-adierazpen» bat dela, «gogora ekartzen diguna nolakoak izan ginen, argi izan dezagun nolakoak izan nahi dugun». Era berean, alkateak gogorarazi du bendejerak «belaunaldiz belaunaldi etorri» direla «gure merkatuetara, baserrian mimo handiz hazi eta jasotako produktuak saltzera, oinez, asto gainean, gurdiz eta, ondoren, trenez edo tranbiaz, landa- eta uri-mundua bereizten zituzten distantzia luzeetan zehar». Azkenik, bendejerek euskararen zabalkundean izandako garrantzia azpimarratu du alkateak: «hein handi batean, haiei zor diegu gure urian euskararen garrak bizirik iraun izana».
Omenaldi-ekitaldian, Bendejerak: Sorotik plazara liburua ere aurkeztu dute. Belaunaldiz belaunaldi urian bendeja-lanbideari eutsi dioten emakume bizkaitarren historian zeharreko ibilbidea egiten du lanak. Bilboko Udalaren eta Labayru Fundazioaren arteko lankidetzaren emaitza da. Guztira, 1.000 ale argitaratuko dira, eta Labayrun eta liburu dendetan eskuratu ahal izango dira.
Gainera, 2022rako egutegiak egin dira, bendejerak protagonista; eta beren bizitzari buruzko dokumental bat filmatu dute, hastapenetatik gaur egunera arte.