Bilboko Udalak Ikusi eta Ikasi umeentzako eta familientzako aisialdirako euskarazko programa abian jarri du beste urte batez. Guztira 59 proposamen dira, diziplina askotakoak, tailer eta ikuskizun formatuetan.
Ekimen honek Euskaltzaleen Topagunearen laguntza jasotzen du, eta 4 eta 10 urte arteko adingabeei eta beraien familiei zuzenduta dago. Helburua da aisiako eta astialdiko jardueretan euskararen erabilera sustatzea.
Programa euskara hutsean egingo da. Bi ataletan banatzen da, parte-hartzaileen adinaren arabera: Ikusi eta Ikasi familian, 4 eta 8 urte arteko umeak dituzten familientzat, eta Lagun artean, 8 eta 10 urte arteko umeentzat.
ESKU-LANEN 7 TAILER ONLINE
Aurtengo edizioan (hamazortzigarrena), esku-lanetako 7 tailer eskaintzen dira online. www.ikusietaikasi.eus web-orrian eman daiteke izena.
4 eta 8 urte arteko adingabeentzat eta haien familientzat dira. Tutorialek zenbait esku-lan nola egin erakusten dute: kartoizko buruhandia, zentzumenen kutxa, puxtarri-joko bat, giltzatakoa, haizearekin zarata ateratzea, egunkariarekin zubiak egitea, eta txikienak Makusirekin, programaren maskotarekin, kantatzera eta dantza egitera animatzea.
FAMILIAN
Programak 42 ikuskizun eta tailer presentzial dauzka, otsailaren 3tik aurrera uriko barruti guztietan egingo direnak. Ikuskizun horiek familiei eta haien 4 eta 8 urte arteko seme-alabei ere eskainiko zaizkie.
LAGUN ARTEAN
Lagun Artean 8 eta 10 urte arteko umeentzako modalitatea da. Edizio honetan 10 tailer programatu dira.
Saioak diziplina askotakoak izango dira, eta gustu guztietarako pentsatuta daude: dantza, antzerkia, esku-lanak, ipuin-kontalariak eta abar egongo dira. Programa otsailaren 3an hasi eta ekainaren 3an amaituko da, Kantu Koloreren ikuskizun batekin, Campos antzokian.
Ikuskizunetan eta tailerretan parte hartzeko, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Horretarako, bertan dauden eskaera-orriak bete beharko dira gaurtik aurrera (urtarrilak 17) urtarrilaren 31ra arte. Saioetako edukiera mugatua da, eta plazak zozketa bidez adjudikatuko dira.
Izena ematea hemen
Informazioa www.ikusietaikasi.eus