Bilboko Udalak abian jarri ditu, aurten ere, Zinema Euskaraz, Euskal Jolasak eta Jokoak eta Mundu Bat Bertso ekimenak, eskolan gauzatzekoak eta txikienen artean euskararen erabilera sustatu nahi dutenak.
ZINEMA EUSKARAZ ekimenak aukera ematen die Bilboko ikasleei euskaraz filmatutako filmak edo euskarara bikoizturik ikusteko, eta film horiek dakartzaten balioak lantzeko (adiskidetasuna, immigrazioa, ingurumenaren begiramena, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta beste).
Urtero-urtero, ikasturtearen barruan, Bilboko zinema-aretoetan, 26 film inguru eskaintzen dira, eta 9.000 ikaslek baino gehiagok parte hartzen dute, 50 ikastetxetatik.
Abian jarritako programetako bigarrena EUSKAL JOLASAK ETA JOKOAK izan da, eta, beraren bidez, euskararen erabilera sustatzen da herri kirolekin zerikusia duten jolas- eta kirol-jarduerekin, hala nola txingak, zakuak, sokatira, arraunketa eta beste. Jarduera honen bidez, gainera, ikasleak elkar daitezen bideratzen da: lehen eta bigarren hezkuntzako 1.200 ikasle inguru elkartzen dira, 20 ikastetxetatik.
Azkenik, Udaletxeak, abian jarri du MUNDU BAT BERTSO izeneko ekimena ere, zeinaren bidez antzinako bertsoak, kantak, ahaireak eta bertsolaritzaren oinarri teorikoak lantzen baitira; era horretan, besteak beste, euskara mintzatuaren hobekuntza sustatzen da eskola-umeen artean. Programa hau lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleendako da, eta urtero-urtero, 1.200 ikaslek baino gehiagok parte hartu ohi dute, 30 edo 35 ikastetxetatik.