Guztira 1.500 lagun bilduko dira azaroaren 23an San Mamesen egingo den Berbagunearen X. Edizioan, klubak 125 urte betetzen dituen urtean.
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu duten eta Ulibarri Euskaltegiak eta Athletic Clubek antolatu duten hitzordu honen helburu nagusia da euskara kalera ateratzea eta hizkuntzaren eguneroko erabilerak duen garrantzia aitortzea. Horretan bat etorri dira gaur goizeko prentsaurrekoan Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia, Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskarako zuzendari nagusia, Nerea Ortiz Athletic Clubeko lehenengo presidenteordea eta Saioa Altuna Berbagunea-ko ordezkaria San Mameseko prentsa-aretoan X. Berbagunea aurkeztu dutenean.
Aurten ere, adin eta egoera guztietako euskaldunak hainbat gairi buruz euskaraz hitz egiteko mahai baten inguruan elkartzea izango da desafioa. Hiru txanda izango dira goizez eta bat arratsaldez, bakoitza ordu eta erdikoa. Taldeek, moderatzaile batek gidatuta, gaurkotasuneko gaiei buruz hitz egingo dute. Parte hartzeko, http://berbagunea.eus/ web-orrian eman behar da izena.
Giro lasaian, parte-hartzaileek liburuei, kirolari, aisialdiari eta beste gai interesgarri batzuei buruzko elkarrizketak partekatuko dituzte beste euskaldun batzuekin. Egun osoan lau txanda antolatuko dira: 9:30etik 11:00etara; 11:00etatik 12:30era; 12:30etik 14:00etara; eta, azkenik, arratsaldez, 17:00etatik 18:30era.