Bilboko Udalak “Euskaraz barra-barra” kanpainan parte hartzen du, merkataritzaren eta ostalaritzaren sektorean euskararen erabilera bultzatzeko. Ekimen hori batera egiten da EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko udalerrietan.
“Euskaraz barra-barra” marka kontsumitzailea erdigunean jartzeko eta hizkuntza-estresa murrizteko sortu da: edonon eta edonoiz hitz egin daiteke euskaraz. Marka bateratuaren helburua da bezero euskaldunei transmititzea “Euskaraz barra-barra” bereizgarria duten establezimenduetan euskaraz egiteko aukera dutela; izan ere, bereizgarri horrek ziurtatzen du espazio horretan euskara ulertzeko behar besteko gaitasuna dutela.
Horretarako, Udala datozen egunetan hasiko da baldintzak betetzen dituzten merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduak identifikatzen, eta kanpainari lotutako identifikazio-materiala banatuko du. Aurrerantzean, bilbotarrek emango diote zentzua eta bizitza proiektuari.
Kanpaina Udalaren esparru sozioekonomikoko beste ekintza bat da; izan ere, urteak daramatza euskararen normalizazioa bultzatzen merkataritzan eta ostalaritzan, “BIRIBILKO” programaren bidez. Programa horretan, esaterako, zerbitzua euskaraz eskaintzen zuten establezimenduak identifikatzeko lan bat egin zen 2019an. Orduan, lan hori “Euskararen txanda“ izeneko ekimenaren barruan egin zen. “BIRIBILKO” programak, establezimenduak identifikatzeaz gain, jarduera gehiago hartzen ditu barne; esaterako, merkatarientzako eta ostalarientzako euskara-ikastaroak eta beste hizkuntza-baliabide batzuk, hala nola sektoreko hiztegiak, euskarazko errotuluen ereduak, online itzultzaile automatikoak…
“17. LOGELA” IHES-GELA, KANPAINAREN BERRI EMATEKO
Urtarrilaren 26, 27 eta 28an, Emakumeen azaroaren 25eko plazan, eta otsailaren 2, 3 eta 4an, Bizkaia plazan, nahi duenak “17. logela” izeneko ihes-gelan parte hartu ahal izango du. Esperientzia doakoa bada ere, ezinbestekoa da izena ematea, hemen: euskarazbarrabarra.eus/ihes-gela/#erreserba-egin.