“LAUTAN HIRU, antzerki txikia, festibal handia” jaialdiak Zazpi Kaleetako bazterrak astinduko ditu otsaila osoan zehar. Otsailaren 8an, 15ean, 22an eta 29an, guztira, 8 jarduera egingo dira: 5 antzerki-lan, monologo bat, tailer performatibo eta parte-hartzaile bat eta irakurraldi dramatizatu bi. Gainera, “ikusleen kluba” egongo da, EHAZErekin batera antolatuta.
Bilboko Udalak sustatu eta Euskaltzaindiak antolatzen du jaialdia, lankidetzan arituta Café Bar Bilbao-rekin, BIRA Kulturgunearekin eta 7Katu-rekin. Aurten, gainera, espazio berri bat gehitu zaie -Askao kalean dagoen La Singorga Kulturgunea– ohiko 5 espazioei: BIRA, Café Bar Bilbao, Euskaltzaindia, 7Katu gaztetxea eta Kalderapeko, AEKrena.
Iaz, jaialdiak dramaturgia izan zuen ardatz, eta aurten ‘antzerkiaren gorputza’ri erreparatuko zaio. Horrela, lehenengo egunean, Ainhoa Artetxek eta Itsaso Payak tailer performatibo eta parte-hartzaile bat emango dute, gorputzaren adierazpen-kontzientzia lantzeko.
“LAUTAN HIRU, antzerki txikia, festibal handia” jaialdiaren helburuak ez dira aldatu: euskarazko antzerkigintza dinamizatzea, Zazpi Kaleetako giro euskaldunean eragitea eta antzerkigileei beren lanak erakusteko espazio berriak eskaintzea dira.
ANTZERKIGINTZARI LAGUNTZEA, BONUAK, SARRERAK, ZOZKETAK
2020an, Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berri bat sortu zuen Bilboko Udalaren babesarekin. Lehenengo laguntza hori Artekartu konpainiak lortu zuen, “Hauts artean” lanagatik. 2021ean, Les Bobe Bobe konpainiak jaso zuen, “Udaberri heldu da” lanagatik. 2022koa eman gabe geratu zen, eta aurten Iruñeko La Piel konpainiak jaso du, “Beren izenez” lanagatik. Lan hori otsailaren 22an estreinatuko da jaialdiaren barruan.
Urtero legez, aurten ere bonuak eta sarrerak jarri dira salgai. Bonuak 7 eurotan eskuratu daitezke, egun bereko bi ikuskizunetara joateko. Hala ere, ikuskizun bakarrerako sarrera ere erosi ahal izango da, 4 euroren truke. Bonuak Bilboko Plaza Barriko Cafe Bar Bilbaon eta Erronda kaleko BIRA Kulturgunean eros daitezke, gaurtik aurrera. Gainera, bonua erosten dutenen artean hainbat opari eta proposamen zozketatuko dira astero. Zozketa azken emanaldiaren ondoren egingo da beti, eta opariak Zazpi Kaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira.