Bilboko Udalak “Harrapazank” gazteentzako euskarazko aisia-programaren 19. edizioa abiatu du. Aurten “Aukeratu zure bidea!” izenburua izango du. Sormena, musika, bideo-jokoak…
Aurten, “Game” eta “Kale Ginkana” tailerrak izango dira 2024ko nobedade nagusiak.
Izena emateko epea otsailaren 15etik 29ra arte egongo da irekita, “Harrapazank” programaren web-orrian, eta martxotik maiatzera bitartean abian jarriko da.
Programa honen xedea da 10 eta 16 urte bitarteko neska-mutil bilbotarrek euskara ezagutu eta erabiltzea aisialdiko jardueretan, eta, era horretan, euren guneetan eta denbora librean euskararen aldeko motibazioa eta euskararen erabilera indartzea. Gainera, programa honetan zeharkako gaiak ere lantzen dira, balioekin zerikusia dutenak, hala nola berdintasuna, inklusioa eta dibertsitatea edo osasuna.
“Harrapazank” Bilboko Udalaren programa bat da, eta Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean gauzatzen da (Euskararen aldeko Kultur Elkarteen Federazioa). Programak ahalik eta gazterik gehienengana iristeko pentsatutako eta prestatutako jarduerak eskaintzen ditu. Bilboko areto, udaltegi eta kaleetan egiten dira, aisialdia euskaraz gozatzeko eta euskaldunen artean sareak ehuntzeko.
“HARRAPAZANK”EN AURTENGO HIRU ILDOAK
1. lerroa: KLIKAZANK. Aisia digitala (2008 eta 2011 urteen artean jaioak)
12 eta 16 urteen artean jaiotakoek bideo-jokoen munduan murgiltzeko aukera izango dute, lehiaketa eta tailerren bitartez, euskararen erabilera sustatzeaz gain, bideo-jokoen balio positiboak landuz.
- Game Player lehiaketa. Rocket league bideo-jokoan oinarritutako torneo bat da. Lau online proba norbanako gisa gainditu ondoren, finalistak maiatzaren 25ean finalera joango dira, Euskararen Etxean, goizeko 11:30ean. Irabazleek 150 eta 50 euroko bonuak jasoko dituzte.
- Game tailerrak. Streamer edo gamer tailerretan ikasiko dute zer den stream-ean ibiltzea eta zer baldintza bete behar diren gamer izateko. Tailer guztiak Euskararen Etxean egingo dira, arratsaldeko 17:30ean.
2. ildoa: ESZENA. Bilboko talentuen lehiaketa (2008 eta 2013 urteen artean jaioak)
Banaka zein taldeka parte hartu ahalko da. Lehenik eta behin, antolatu diren zuzeneko castingetan parte hartu beharko dute. Lehen urrats hori gaindituta, master class bat jasoko dute, euren talentua garatzeko. Finalean sailkatzen direnek tutoretzak jasoko dituzte, adituen laguntzaz, finalean aurkeztuko duten ikuskizuna hobetzeko, maiatzaren 25ean, Bilborock aretoan. Hainbat sari daude. Guztira 1.100 euro banatuko dira opari-bonuetan.
3. ildoa: KALE GINKANA. Erronkak taldean gainditzea (2008 eta 2011 artean jaioak)
Apirileko eta maiatzeko asteburuetan, 12 eta 16 urte arteko gazteek galdera baten erantzuna bilatu beharko dute, erronkak gaindituz. Horretarako, 4 eta 8 kide arteko talde bat osatuko dute, eta erronkak eta pistak lotu beharko dituzte Bilboko lau auzoetako kaleetan zehar. Asteburu bakoitzean, kaleko ginkana auzo batean izango da. Saria, afari bat talde irabazlearentzat. Jarduera hau egiteko ez da beharrezkoa aurretik izena ematea.
Informazio gehiago eskuragarri hemen