Euskarazko kulturaren hitzordu handia den Loraldia jaialdiaren hamargarren edizioa aurkeztu dute gaur goizean Arriaga antzokian Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Gazteria eta Kiroleko diputatuak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Imanol Agirre Loraldia Festibaleko arte-programazioaren arduradunak, “Munduari begiratzeko modu bat” lelopean.
Euskal kulturaren askotariko diziplinatako 120 sortzaile bilduko dira Loraldia Festibalaren hamargarren edizioan. Jaialdia martxoaren 1etik 23ra egingo da, eta antzerkiari, bertsolaritzari, musikari, literaturari, ikus-entzunezkoei eta haien fusioei lotutako 28 jarduera izango ditu, uriko 13 kultura-espaziotan banatuta.
23 egunez, euskarazko kulturaren topagune nagusia izango da Loraldia Festibala. Jaialdiak, besteak beste, talentu gazteen topagune bat izango du Loraldia Terminala ekimenaren bidez, eta, bertan, talentu emergenteen proposamenak ezagutu ahalko ditugu; hauenak, adibidez: Araitz Katarain, Izaro Bilbao, Iñigo Xalbador, Janire Arrizabalaga, Amaiur Luluaga eta Eñaut Zubizarreta.
“Munduari begiratzeko modu bat” da aurtengo edizioaren leloa. Goiburu horrek Kirmen Uribek idatzitako poema bati egiten dio erreferentzia, zeina jaialdian entzun ahal izango baita, “Munduari begiratzeko” ikuskizunean. Euskarazko kulturaren topagune den heinean, erreferente handiek hartuko dute hitzorduan, esaterako: Kirmen Uribe, Jon Sarasua, Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Toti Martinez de Lezea, Mikel Urdangarin, Nerea Arrien, Jon Maia, Rafa Rueda eta Patxo Telleria.
JAIALDIRAKO SORTU DIREN PIEZAK
2022az geroztik, Loraldiak euskal sortzaile eta eragileentzako laguntza ekonomikoko Sormen Digitala beka ematen du deialdi baten bidez, euskaraz proiektu digital bat sortu eta ekoizteko. 2022ko bekarren onuradunak aurtengo jaialdian estreinatuko du bere proiektua: “Gorputzaren atzean” hain zuzen. Mundu digitala analogikoarekin lotzen duen funtzio bat da. Dantzarekin eta ikus-entzunezkoekin nahasten du antzerkia, UPV/EHUko irakasle-talde baten eskutik eta Katixa Agirreren gidoiarekin.
Jaialdiak edizio honetarako berariaz sortutako proiektuak ere izango ditu. Besteak beste, “Goroldirik ez. Andreak eraztun berdean”. Natura eta kultura nahasten dituen lan bat da. Mendian barrena gidatutako ibilbide horretan, Bilboko zenbait emakumeren bizitzak ezagutzeko aukera egongo da, bai eta Bilboko mendien eta basoen bistez gozatzeko aukera ere. Irati Agirreazkuenaga izango da gidaria eta, bidean, Miruak eta Jatorki abesbatza taldeen musika entzun ahal izango da.
“Bihar, Atzo, Gaur, Bihar” ere estreinatuko da 2024ko jaialdian. Ikuskizun horrek musika, literatura eta bertsolaritza uztartzen ditu. Loraldiak etorkizunari buruz hausnartzeko eta horri buruzko testu bat idazteko agindu dio idazle bati, eta literatura-pieza horren inguruan musika eta bertsoak sortuko dira. Hain zuzen ere, Iban Zalduak idatzi du testua, Ibil Bedi taldeak jarriko du musika, eta Miren Artetxek eta Alaia Martinek bertsoak; dena Amaia Agirreren gidaritzapean.
Musika, literatura, hitzaldiak, dantza, zinema, antzerkia… Programazioa Loraldia Festibalaren webgunean dago eskuragarri.
LORAZAINA ETA LORAZAIN EGUNA
Loraldiarekin eta euskal kulturarekin harreman hurbilagoa eta zuzenagoa nahi dutenek aukera dute lorazain egiteko. Erabat doakoa den ekintza horrekin abantaila batzuk lortuko ditu lorazainak, hala nola urtean zehar egiten diren ekimenetan parte hartzeko aukera, egingo diren ekintzei buruzko aldez aurreko informazio esklusiboa, sarrerak lehentasunez eta prezio berezi batean lortzeko aukera eta lorazainentzako jarduera esklusiboetan parte hartzea.
Esaterako, Loraldia Festibalean, lorazainentzat bereziki prestatutako jarduera horietako bat eskaintzen da urtero: Lorazain Eguna alegia. Aurten, egun horretan, Oma ikuskizuna estreinatuko da; Basabi taldearen azken musika-lana da hori. Pieza horretarako, txalapartarekin, musika elektronikoarekin eta musika klasikoarekin jolastu du taldeak, naturari eta egungo egoerari buruz hausnartzera gonbidatzeko.
Aurten, Lorazain Eguna martxoaren 9an izango da, Campos antzokian. Gainera, edizio honek abantaila berezi bat gehitu dio lorazainen onuren katalogoari. Hain zuzen ere, lorazainek aukera izango dute 2024ko Loraldia Festibaleko jarduera-pakete berezi bat erosteko prezio berezian.