Euskara ikasteko laguntzak eskatzeko epea bihar irekiko da (apirilak 30, martitzena), eta maiatzaren 14ra arte egongo da zabalik. Hain zuzen, dirulaguntzaren oinarriak gaur argitaratu dira Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (apirilak 29, astelehena). Bilboko Udalak lehen aldiz ireki dizkie dirulaguntza horiek herritar guztiei, eta, horretarako, 700.000 euroko diru-poltsa aurreikusi du.
Orain arte, gurasoek, aisialdiko eta kiroleko begiraleek eta deialdietan ezarritako muga gainditzen ez zuten errentak zituzten familia-unitateetako kideek baino ezin zuten eskatu dirulaguntza hori. 2024tik aurrera, ordea, baldintza hauek betetzen dituztenek eskatu ahalko dute: erroldatuta egotea, gutxienez azpimaila bat gainditu izana, bertaratzea % 60koa izatea eta erakunde publikoekin zorrik ez izatea. Diru-poltsa agortu arte emango da dirulaguntza.
2024an, baldintza horiek betetzen dituzten bilbotar guztiek aukera izango dute Bilboko zein kanpoko homologatutako edozein euskaltegitan euskarazko ikastaroak egin izanagatikdirulaguntza bat eskatzeko. Gero, diru-poltsako 700.000 euroak eskatzaile guztien artean banatuko dira, eskatzaile bakoitzari ahalik eta laguntzarik handiena emanda.
Deialdiari buruzko informazioa udalaren web orrian kontsulta daiteke, bilbaoeuskaraz.bilbao.eus/diru-laguntzak/.
Eskabideak bi modutara aurkez daitezke:
- Online, Udalaren webguneko (www.bilbao.eus) Agenda atalaren bidez. Izena emateko, BakQ sistema, ziurtagiri digital aitortua (NANa, Izenpe…) eta Bilboko Udalak emandako web-sarbideko gakoa erabili ahal izango dira.
- Herritarrentzako laguntza bulegoetako erregistroen bidez. Hitzordua eskatu beharko da Udalaren webgunearen bidez edo 94 4 010 010/010 zenbakira deituta.