- Bilboko Udalaren hizkuntza-politikaren norabidea markatuko du 10 urterako, 5 ardatzen bidez: Gobernantza, Jarrerak/Motibazioak, Ezagutza/Gaitasuna, Erabilera/Interakzioa eta Berrikuntza.
- Beste bi kudeaketa-ardatz ditu: Ikerketa/Sistematizazioa eta Komunikazioa/Hedapena.
Bilboko Udalak beste urrats bat eman du hiria euskalduntzeko bidean “AROA 2025-2035” Plan Estrategikoarekin, hizkuntza biziberritzeko eta udalean nahiz hiriko kaleetan haren erabilera indartzeko udal-konpromiso berri batekin.
Planak lehentasunezko jardun-eremu hauek proposatzen ditu: familia-transmisioa; euskara ikasteko erraztasunak eta aukera berriak; haurren eta gazteen gaitasuna eta adierazkortasuna; 16 urtetik beherakoentzako aisia eta kirola; kulturartekotasuna; eremu sozioekonomikoa; biztanleria ahalduntzea eta aktibatzea; eta euskararen bizi-espazio sozio-funtzionalak Bilbon.
2024ko urtarrilean, Eusko Jaurlaritzak “AROA 2024-2034” Esparru Estrategikoa onartu zuen, euskara biziberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko. Gainerako erakunde publikoen erreferentzia-esparrua da.Hala, Bilboko Udalak, esparru hori ardatz hartuta, Bilboko “AROA 2025-2035” Plan Estrategikoa diseinatu du.
Bilboko Udalak ez du amore ematen euskararen erabilera hiriko eremu guztietan normalizatzeko eta sustatzeko, bilbotarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta euskararen presentzia indartzeko ahaleginean. Horretarako, herritarrek euskara modu naturalean erabiltzeko aukerak areagotuko ditu, udalaren eta herritarren arteko komunikazio elebiduna bermatuko du, eta euskararen prestigio eta balio soziala mesedetuko du gizarte-kohesioko eta kultura-aniztasuneko testuinguru batean.
Alde batetik, neurriak hartuko ditu euskararen normalizazio-prozesuan detektatzen diren gabeziak eta hutsuneak identifikatu eta asebetetzeko. Bestetik, euskararen normalizazioaren ikuspegitik datozen erronka soziodemografiko eta sozioekonomiko berriei erantzungo die, bilbotarrek euskararekin duten atxikimendua areagotuz eta hiriko egoera zehatza eta bertako ezaugarri bereizgarriak kontuan hartuz.
2025-2035 aldirako diseinatutako plan honek Bilboko Udalaren hizkuntza-politikaren norabidea markatzen du 10 urterako, 5 ardatzen bidez: Gobernantza, Jarrerak/Motibazioak, Ezagutza/Gaitasuna, Erabilera/Interakzioa eta Berrikuntza. Beste bi kudeaketa-ardatz ditu: Ikerketa/Sistematizazioa eta Komunikazioa/Hedapena. Batez ere, lehentasunezko lau ardatz landu dira:
GOBERNANTZA
Erakunde publikoek lidergo eredugarria izateko erantzukizuna dute, bai hizkuntza-ohiturei dagokienez, bai eragiteko gaitasunari dagokionez. Diagnostikoan adierazi den bezala, Bilbok euskarari zentraltasuna emango dion, hiriaren irudian islatuko den eta herritarrei erreferente argi eta ezaguterrazak emango dizkien ikuspegia behar du. Horretarako, ezinbestekoa da portaera eredugarriak erakustea eta euskararen presentzia bermatzea erakunde publikoen funtzio eta jardueretan.
Zeharkakotasunaren ideia nabarmentzen du: euskararen sustapena Udaleko sail eta erakunde guztien ardura da, eta oso garrantzitsua da hizkuntza-ikuspegia txertatzea sail guztietan garatzen diren proiektu eta jardueretan. Gobernantzaren eremuan maila eta sektore desberdinen arteko koordinazioa ere indartu nahi da: administrazioak, erakundeko sailak eta egiturak, eta gizarte-mugimenduak. Indarrak batuta, eta kolaborazioari esker, emaitza sendoagoak eta eraginkorragoak lortzen dira.
JARRERAK/MOTIBAZIOAK
Euskara ikasteko eta erabiltzeko motibazioa bultzatu behar da, norbanakoaren konpromisoa eta herritarren aktibazioa sustatuz. Halaber, euskal kontzientzian eta identitatean eragin behar da, sentsibilizaziotik abiatuta. Horri erantzunez, ardatz estrategiko honek bi helburu nagusi ditu: alde batetik, euskararen aldeko jarrerak indartzea eta hiztunen ahalduntzea bultzatzea; eta, bestetik, euskararen eta euskal komunitatearen irudi positiboa eta ikusgarritasuna hobetzea.
EZAGUTZA/GAITASUNA
Ezagutza hutsa ez da nahikoa: erabilera areagotu nahi bada, herritarrek euskara eroso, naturaltasunez eta segurtasunez erabiltzeko gaitasuna izan behar dute. Horixe da Bilboren erronka nagusietako bat. Datuek adierazten dutenez, termino erlatiboetan, hiriko biztanleriaren % 30,6 euskalduna da, baina hiru euskaldunetik bik errazago hitz egiten dute gaztelaniaz. Ardatz honen helburua hau da, beraz, ezagutza handitzeaz gain: hizkuntza-gaitasuna eta erraztasuna indartzea, familia-transmisioa sustatzea, haurrekin eta gazteekin ahozkotasuna eta adierazkortasuna lantzea, eta ikasteko aukerak areagotzea. Era berean, arreta berezia jarriko da atzerritik datozen pertsonei euskara ikasteko baliabideak eskaintzean.
ERABILERA/INTERAKZIOA
Garrantzitsua da adierazkortasuna lantzea eta hizkuntza kalean eta harreman informaletan erabiltzeko aukerak zabaltzea. Bilbok bizigune sozio-funtzionalak behar ditu euskara modu natural eta erosoan erabiltzeko.
Bilbon, atal honen barruan, lehentasunezko bi arlo identifikatu dira: alde batetik, arlo sozioekonomikoa, non euskararen presentzia areagotzeko ekintzak proposatzen diren, bai eremu publikoan, bai pribatuan; eta, bestetik, aisialdi antolatua eta kirola, non haurren eta 16 urtetik beherako gazteen hizkuntza-ohituretan eragin nahi den batez ere, euskararen eskaintza eta erabilera bermatuz.
Gainera, alde batetik, euskarazko hedabideak babestu eta egonkortu nahi dira, eta, bestetik, euskal produktu kulturalak sortu eta ezagutarazi, euskarazko sorkuntza eta sortzaileak sustatu, eta ingurune digitalean espazioak irabazi.

