25 jarduera martxoaren 9tik 28ra: musika, literatura, bertsolaritza, dantza, antzerkia, zinema eta esperientzia murgiltzaileak/digitalak Bilboko espazio enblematikoetan.
Bilboko Udalak bat egin du berriz ere Loraldia Festibalarekin, euskal kultura garaikidearen topagune nagusietako bat, aurten 12. edizioa beteko duena. Martxoaren 9tik 28ra bitartean, musikaren, literaturaren, bertsolaritzaren, dantzaren, antzerkiaren, zinemaren eta murgiltze-esperientzia digitalen inguruko 25 jarduera proposatu dira.
Loraldia Festibaleko 2026ko edizioak 25 jarduera bilduko ditu martxoaren 9tik 28ra, eta Bilboko espazio enblematikoak (eta bestelakoak) lotuko ditu: Arriaga Antzokia, Bira Kulturgunea, Kafe Antzokia, Azkuna Zentroa Alondiga Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Sociedad Filarmónica, Bizkaia Aretoa, Itsasmuseum, La Fundición, Euskalduna Bilbao, Bidebarrieta Liburutegia, Elkar denda… eta naturara ere iritsiko da Arraitz mendira.
Lorazainak Loraldiaren komunitate-sarea dira: gaur egun 4.600 lagun baino gehiagok osatzen dute. Loraldia Festibalaren edizio bakoitzean, jaialdiak programazioko ekitaldi bat aukeratzen du Lorazain Eguna ospatzeko, komunitateari eskerrak emateko eta euskarazko kultur kontsumoa sustatzeko. 2026an, ekitaldi hori Maitasuna ez da nahikoa izango da: Lorazainentzat sarrera doakoa (aurrez erreserbarekin), eta publiko orokorrarentzat 5€. Mari luz Estebanek idatzitako testu bat Amoranteren musikarekin eta Itziar Garaluceren ikus-entzunezkoekin josiko da.

FESTIBALAREN LEMA: BAGA, BIGA, HIGA, MAURIZIA!
Aurtengo leloak (eta jaialdiaren kontakizunak hiru ideia eta irudi indartsu ditu, programazio osoa zeharkatzen dutenak:
BAGA: kulturak badu erantzunik; mundu hobe eta justuagoa irudikatu eta ehuntzeko gunea da Loraldia.
BIGA: Maurizia itzultzen da, digitalizazioak zabaltzen duen unibertsoan, atzean geratu gabe baina ito gabe; aldarri bat da, eta argia ez da itzaltzen.
HIGA: “plaza har dezagun”: abangoardiaren hariari helduta, gaurko sorkuntzak ateak zabaltzen ditu, ozen eta ausart.
Horregatik, Loraldia Festibala ez da “programazio sorta” bat bakarrik: estrategia kulturala da, euskarazko sorkuntza garaikideari ikusgarritasuna emateko, publikoa aktibatzeko (euskalduna zein ez-euskalduna), eta kultur transmisioa gaurko formatuetara ekartzeko. Berrikuntza, integrazioa eta zaintza (komunitatea, espazioak, balioak) uztartzen dituen ekimena da.
