- Gure hizkuntza ez dakitenei eta ikasten jarraitu edo hobetu nahi dutenei zuzendutako kanpaina honen aurtengo leloak animatzen gaitu euskara espazio eta egoera guztietan erabiltzen jarraitzera, gero eta euskaldunagoa den hiri baten egunerokoan.
- Udalak euskaltegien, mailen eta ordutegien eskaintza zabalaren berri ematen du, eta urtero ematen dituen laguntza ekonomiko garrantzitsuak gogorarazten ditu.
Bilboko Udalak euskaran zentratuta hasiko du ikasturtea. Eider Inuntziaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak eta hiriko 15 euskaltegietako ordezkariek “Euskaraz bidea eginez” aurkeztu dute gaur goizean. Kanpaina hori Bilboko Udalak antolatu du bertoko euskaltegietan matrikulazioa bultzatzeko 2026-2027 ikasturtean.
Gure hizkuntza ez dakitenei eta ikasten jarraitu edo hobetu nahi dutenei zuzendutako kanpaina honen aurtengo leloak, hain zuzen ere, euskara espazio eta egoera guztietan erabiltzen jarraitzera animatzen gaitu, gero eta euskaldunagoa den biztanleria baten egunerokoan. Bilboko Udalak gero eta euskaldunagoa den hiri batean aurrera egiteko duen helburuaren ildoan, kanpaina dagoeneko ikusgai dago hiri osoan zehar banatutako euskarrietan. Auzo guztietako bilbotarrek une eta formatu askotan ikusiko dute kanpaina irailean zehar Bilbo osoan, han eta hemen: Bilbobusen autobus eta markesinetan, Bilboko Udalaren sare sozialetan, hedabideetan, barrutietako udaltegietan, kiroldegietan eta ikastetxeetan.
Kanpainak zentro, ordutegi eta mailen eskaintza zabala nabarmentzen du, baita Udalak urtero ematen dituen ikaskuntzarako laguntza ekonomiko garrantzitsuak ere. 2026an, Udalak herritar guztiei zuzendu dizkie dirulaguntza horiek, Bilboko biztanleria guztia euskalduntzeko urratsa egiteko. Baldintza hauek betetzen dituztenek eskatu ahalko dute: erroldatuta egotea, gutxienez azpimaila bat gainditzea, bertaratzea % 60koa izatea, eta erakunde publikoekin zorrik ez izatea. Diru-poltsa agortu arte emango da dirulaguntza. Emandako dirulaguntzen kopurua 2.095 izan da pasa dan urtean.
Bilbok 15 euskaltegiko sarea dauka. Ohiko eskola eta ikastaroez gain, kolektibo eta enpresentzako barnetegiak eta berariazko ikastaroak eskaintzen ditu.
