Bilbao, 2009ko martxoaren 10a. Bilboko Udaleko Euskara Sailak martxan jarri du, Ulibarri Euskaltegiarekin batera, euskararen erabilera sustatzeko ekimen ludiko berritzaile bat: Mintzakide Programa. Ekimen horrek euskara ohiko hizkuntza dutenekin eta euskara maila eta jariotasuna hobetu nahi duten pertsonekin bikoteak osatuko ditu. Bikotekideek gutxienez 10 astean ordubeteko zitak izateko konpromisoa hartu behar dute.
Ekimenak euskararen erabilera sustatzea eta indartzea du helburu. Horretarako, bikoteak pertsona bakoitzaren ordutegia, zaletasunak eta interesak kontuan hartuta osatuko dira. Hortaz, programan parte hartu nahi dutenek galdera batzuei erantzun behar izango diete izen-emateko inprimakietan.
Era berean, programak pertsona elebidunei edo euskara maila altua dutenei aukera emango die euren borondatez euskara erabili nahi duten beste pertsona batzuei laguntzeko. Gainera, bikoteei aisialdian euskaraz gozatzeko parada emango die. Bestalde, euskaraz mintzatu eta maila hobetu nahi dutenak eremu akademikotik kanpo euskaraz aritu ahal izango dira, naturaltasunez eta hizkuntzarekin gozatuz.
Programan izena eman nahi dutenek izen-emateko inprimakiak jaso ditzakete Ulibarri Euskaltegian (Gardoki kalea, 3. 94 416 24 72 telefonoa) edo www.ulibarri.org web orrian. Izena emateko epea martxoaren 11n hasiko da. Ondoren, osatutako bikoteak apirilaren erdi aldean aurkeztuko dira ekitaldi batean eta hortik aurrera programa martxan jarriko da.
Hamar astean zehar bikotekideek eskuragarri izango dituzte blog bat eta foro bat, programa berritzaile honen nondik norakoak beste parte hartzaileekin trukatzeko.