Bilbon, 2009ko otsailaren 19a. Gaur, Euskara Sailaren Harrapazank programa kulturalaren tailer musikalak hasiko dira. Topaketa hauek hasiera emango diote 12 eta 18 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako jarduera erakargarri eta berritzaile ugari biltzen dituen ekimen honen laugarren edizioari.
"Harrapazank" programak gure hizkuntza, irakaskuntzatik kanpoko eremuetan, eguneroko hartu-emanetako hizkuntza izatea lortu nahi du Bilboko gazteen artean, eta, era berean, euskararen erabilera sustatzea du xede bai eta gazteentzako kultur eskaintza handitzea ere.
Jozank
Ardatz nagusitzat musika izango duen Jozank ekimenarekin hasiko da Harrapazank programa. Bilborock aretoan otsailean, martxoan eta apirilean dohainik izango diren ikastaro musikal interesgarriek osatzen dute programa.
Euskal musikari ezagunak beraien esperientzia eta hastapenak kontatuko dituzte eta Jabi Onaindia irrati esatariak, moderatzaile lanean, musikariak elkarrizketatuko ditu.
Lau saioz osaturiko topaketa hauetan lau instrumenturen gaineko ezagutzak landuko dira: bateria, ahotsa, kitarra eta baxua. Tailer guztietan musikari parte hartzailei buruzko aurkezpen multimendia bat proiektatuko da; musikari bakoitzak erakustaldi labur bat burutu eta publikoaren galderak erantzungo dituzte haien esperientziari, ibilbideari eta erabiltzen dituzten teknikei buruz.
- Baketen indarra. Otsailaren 19a. 19:30ean Gaizka Salazar (Gatibu) eta Ramiro Unceta (Lor).
- Ahotsa eta hitzak. Otsailaren 25a. 19:30ean Xabi Fernandez (Kerobia) eta Aiora Renteria (Zea Mays).
- Abesti sorkuntza eta gitarra. Otsailaren 26a. 19:30ean Gorka Urbizu (Berri Txarrak) eta Etxe.
- Baxua, kantaren oinarri erritmikoa. Martxoaren 4a. 19:30ean Josi Gimenez (Doctor Deseo) eta Ekaitz Hernandez (Split 77).
Bestalde, Jon Elizaldek, zenbait musikari eta musika talderekin (Fermin Muguruza, besteak beste) ibilitakoak, Ordenagailu bidezko musika sorkuntzari buruzko ikastaro bat eskainiko du Ibaiondo-La Bolsa Udaltegian apirilaren 23 eta 30ean.
"Jozank" Sugan eta Kauta taldeen kontzertuarekin osatuko da. Emanaldia Bilborock Aretoan izango da martxoaren 13an, ostirala, 20:00etan. Sarrerak Bilborocken eta BBK-ren orotariko kutxazainetan, telefono bidez eta interneten egongo dira salgai 6 eurotara.