Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Alberdania argitaletxeak euskarazko bi idazlan plazaratu berri dituzte, saio bat eta olerki-bilduma bat, Bilboko Udalak antolatutako literatur lehiaketen azken urteotako edizioetan garaile suertatu direnak. Pedro Alberdi gipuzkoarrak Miguel de Unamuno saria irabazi zuen 2006an Carlos esaten zioten gizona izenburuko lanarekin, eta Fertxu Izquierdo nafarrak 2008ko Blas de Otero poesia saria bereganatu zuen Telebista antenetan atsedena hartzen dute txoriek obrari esker.
Irunen egoitza duen Alberdania argitaletxea 1993an sortu zen. Harez geroztik, kalitateko literaturaren edizioan espezializatu da, euskaraz nahiz erdaraz. Zerberri bildumaren bitartez, arreta berezia eskaintzen dio saiakerari, kultura, soziologia, politika eta filosofiarekin lotutako gaiak aztertzen dituzten liburuak eta testigantza alorrekoak tarteko direla.
Carlos esaten zioten gizona liburuan, Pedro Alberdi eibartarrak, bere jaioterriko 50eko eta 60ko hamarkadetako gizartearen erretratua osatu du, Mario Onaindia –lehenengo ETAko buruzagia eta gero Euskadiko Ezkerra eta PSOEko politikaria izan zena- ardatz eta aztergaitzat hartuta. Lan honi Miguel de Unamuno sariaren euskarazko modalitatea eman zion epaimahaiaren aktaren arabera, "forman nahiz edukian kalitate dudagabea duen lana da". Miguel de Unamuno Saiakera Saria Bilboko Udalak sortu zuen 1999an. Sariak zazpina mila euro banatzen ditu euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan.
Pedro Alberdi (Eibar, 1957) Euskal Filologian lizentziatua da, eta euskara-irakasle bezala egiten duen lanaz gain, Bilbo Zaharra Forum ezagunaren arduradun nagusia da. Alberdik Satorrak baino lurperago eta Orhoit gutaz gisako saioak idatzi ditu, eta haurrei zuzendutako Nire kalearen egilea da. Helduentzako narratiban ere trebatu da, Handitzen naizenean eta Kafka Bilbon obren bitartez. Orain arte jaso dituen golardo ugarien artean, Lizardi eta Juan Zelaia saiak eta Joseba Jaka beka nabarmen daitezke.
Oharra osorik (41 KB, pdf)