Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko du Bilboko Udalak omenaldia eginda gerra osteko Bilboko lehenengo andereñoei.
Frankismoaren garaiko une zail eta latzetan euskara Bilbon zabaltzeko eta bizirik iraunarazteko emakume horiek egindako lanaren esker ona agertu nahi die horrela udalak. Ezkutuko lanean jardun zuten emakume adoretsuak dira; zailtasunen eta arriskuen jakitun, sarritan erasopean euren lanagatik, eta hala ere eskolak euskaraz emateari ekin zioten. Euren lanaren lekukoak gara orain, hamarka urte geroago.
Aurreneko urratsak
1957an jarri zuten abian Bilboko lehenengo ikastola San Nikolas elizako lokaletan, Xabier Peña maisuak bultzatuta eta euren seme-alabek ikasketak euskaraz egiteko erabaki sendoa hartua zuten dozena bat gurasoren baldintzarik gabeko laguntzarekin. Mª Angeles Garai estreinakoz, eta Agurtzane Alberdi geroago, izan ziren proiektu harekin bat egin zuten lehenengo andereñoak.
Hirutik bost urtera bitarteko ikasleen artean euskaldunak eta euskaraz ez zekitenak zeuden. Beraz, andereñoen eginkizuna, euskaraz hitz egitera bultzatzea ez eze, taldea zelan euskaldundu planifikatzea ere bazen.
Abiaburuko urte haietan erabilitako materialak, besteak beste, Txomin Ikasle irakurtzen irakasteko “idaztia” eta Xabiertxo euskarazko testu-liburu ezaguna izen ziren.
Gurpide gotzainaren aginduz San Nikolas ikastola itxi zutenean, 1958an hain zuzen, Iralabarriko frantziskotarren komentu-etxera joan ziren. 1958-1959 ikasturtea han hasi zuten ikasle-talde handi samarrarekin; 48 ikasle izatera iritsi zen taldea hurrengo urtean.
Ikastola honek ere aurretikoaren antzeko amaiera izan zuen; 1959-1960 ikasturtea hasi berritan jaso zuten behin betiko ixteko agindua.
Ondorengo urteetan, 1960tik 1966ra bitartean, gutxi gorabehera, ikastolak uriko etxe partikularretan antolatu eta bildu ziren, andereñoen, ikasleen eta familien ahaleginarekin. Urteak aurrera joan ahala, gero eta etxe gehiago zabaldu zituzten, eskolaume-kopurua ere gero eta handiagoa zen, familien laguntza bezalaxe. Hartara, etxeen zerrenda ere gero eta luzeagoa zenez, txandatu egiten ziren hilero susmorik ez eragiteko.
Etxe haietako batzuk Bilboko ikastolarik ezagunenetakoak dira orain, Deustuko Ikastola, Artxandape edo Santutxuko Karmelo Ikastola, konparazio baterako.
1965ean, Lehen Hezkuntzako Legearen aldaketak eragina izan zuen Bilboko ikastoletan. Lege berriarekin ezinbestekoa zen eskolatze-liburua batxilerra egin ahal izateko eta, artean ezkutuan ziharduten ikastolek, egin beharrekoak egin behar legezkoak izateko.
Orduantxe izan zen Julia Berrojalbizek, andereñoetako batek, Euskaltzaindiako aldaba jo zuenean, proiektu berrirako laguntzaren peskizan. Hala bada, Akademiaren babesarekin Bizkaiko Probintziako Diputazioaren laguntza izan zuten Resurreccion Maria de Azkue Ikastola zabaltzeko Bilbon 1966an, legearen barruan sartua zegoen bakarra Bizkaian.
Garai hori funtsezkoa da azken urteotan euskarazko irakaskuntzak izan duen gorakada, batik bat Bilbon izan duena, ulertzeko. Halanda ze, Udalak eskerrak eman nahi dizkie euren lan ezkutuarekin bidea argitu digutenei, lan horren emaitza da-eta gaur egun dugun euskarazko irakaskuntza.
Gure artera bildu diren andreñoei esku-erakutsia emango diete Iñaki Azkuna alkateak eta Ana de Castro Euskara Saileko zinegotziak, Bilbon euskararen alde egindako lanaren esker onez.