Bilboko Udaleko Euskara Sailak euskara ikasteko diru laguntzak emango dizkie hiriko 366 gurasori. Egitasmo honen helburua guraso horiek euren seme-alabekin euskaraz komunikatzea da, horregatik laguntza horiek jasotzeko baldintzetako bat haurrak D edo B ereduetan matrikulatuta egotea da. Beste alde batetik, komenigarriena gurasoak euren seme-alabekin batera ikasten joatea denez, haurrak 5 urte baino nagusiagoak badira, gurasoei euskara maila altuagoa eskatuko zaie.
Ikasturte honetan, 190 guraso berri baliatuko dira diru-laguntza hauetaz eta 176 gurasok, berriz, ikastaroekin jarraituko dute. Eurek aukeratutako Bilboko edozein euskaltegitan emango dituzte klaseak egunean bi orduz, urritik ekainera. Udalaren laguntza jasotzen jarraitu ahal izateko, gurasoek bi maila gainditu beharko dituzte kurtsoko.
Bestalde, Oinarrizko Errenta jasotzen duten pertsonei ere euskara ikasteko laguntzak emango dizkie Bilboko Udaleko Euskara Sailak. Ikasturte honetan zehar 100 pertsonek jasoko dituzte mota horretako laguntzak.