30 ikuskizun baino gehiagok osatzen dute Ikusi eta Ikasiren aurtengo edizioa. Bilboko Udaleko Euskara Sailak martxan jarri du Ikusi eta Ikasi umeentzako euskara hutsezko ekitaldi programaren seigarren ekitaldia. Ekimen honek aisia, kultura eta heziketa uztartzen ditu. Ekitaldi honetan, 3 eta 12 urte tarteko umeei egokitutako ikuskizun interesgarriak antolatu dira (antzerkia, ipuin kontalariak, txotxongiloak, magia, pailazoak, etab.). Emanaldiak Begoñako eta Deustuko Udaltegietan eta Errekaldeberri, Tiboli, Zamakola eta Zurbarango Ikastetxeetan egingo dira, urtarrilaren 12tik martxoaren 13ra bitartean.
Bestalde, bi gune berri ditugu aurtengo zirkuitoan: El Karmen Aretoa eta San Frantziskoko Udaltegia.
Ikusi eta Ikasi Euskara Sailak Topagunea-Euskara Elkarteko Federazioaren laguntzarekin eta BBK eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesle moduan, antolatzen duen ekimen egonkorra da. Kultur zirkuituaren helburu nagusia da Bilboko haurren artean euskararen erabilera sustatzea haien aisialdian. Halaber, Ikusi eta Ikasi-k haurren artean bidezko heziketa, parte hartzea eta sormena bultzatzea bilatzen du.
Bigarren urtez, gurasoei zuzendutako sentiberatze hitzaldiak eta tailerrak garatuko dira seme-alaben hizkuntz ohituretan eragitera eta umeei eskolako lanetan gurasoek zelan lagundu aztertzera bideratuta. Pasa den urtean tailer hauetan parte hartu zuten 260 gurasoek ekimen honen arrakasta bermatzen dute.
Bestalde, Antton Irustak gurasoei zuzendutako ipuin kontaketa tailerra eskainiko du. Bertan, ipuinen eta ahozko adierazpenaren balore hezitzaileak aurkeztuko dira.
Parte hartzea errazteko hitzaldiak haurrentzako ikuskizunak gauzatuko diren udaltegi eta ordutegi berean egingo dira.
Hitzaldiak:
- Ipuin kontaketa tailerra (euskaraz)
Emailea: Antton Irusta
Otsailak 2. Begoñako Udaltegia. 18:00
Otsailak 4. Tiboli Ikastetxea. 18:00
Otsailak 6. Deusto Bidarteko Udaltegia. 11:00 - No sabemos euskera… ¿Cómo podemos ayudar a que nuestros hijas e hijos sean bilingües? (Gasteleraz)
Emaileak: Julio Ibarra eta Iñaki Eizmendi
Otsailak 9. Begoñako Udaltegia. 18:00
Otsailak 13. Deusto Bidarteko Udaltegia. 11:00
Otsailak 25. San Frantziskoko Udaltegia. 18:00 - Como ayudarles en las tareas escolares… si no sabemos euskera? (Gazteleraz)
Emailea: Iñaki Eizmendi
Otsailak 16. Begoñako Udaltegia. 18:00
Otsailak 20. Deusto Bidarteko Udaltegia. 11:00
Martxoak 4. San Frantsizkoko Udaltegia. 18:00
Edizio honetako beste berrikuntza bat "Jolasen Txokoa" da. Ekimena haur eta gurasoei zuzenduriko erakusketa dinamiko bat da. Bertan, euskarazko mahai-joko, jostailu, ipuin, DVD eta joko elektrikoak erakusgai egongo dira. Adituak diren dinamizatzaileen eskutik parte hartzaileek joko hauekin gozatzeko hainbat aukera erraz eta dibertigarri ezagutuko dituzte.
Ekimena hurrengo egunetan izango da:
- Urtarrilak 12. Begoñako Udaltegia. Bi saio: 17:30-18:30/ 18:30-19:30
- Urtarrilak 16. Deusto Bidarteko Udaltegia. Bi saio: 10:30-11:30/ 11:30-12:30
Lehen edizioaz geroztik, partaidetzari dagokion kopurua etengabe hazten joan da. Lehen edizioan, 1.031 haur eta gaztetxo hurreratu ziren Ikusi eta ikasi-ren baitan antolatutako ekitaldietara; 2006an, 3.962; 2007an, 7.895; 2008an, 10.950 eta 2009an, 10.960.