Azkue Fundazioak Wikiplaza egitasmoa aurkeztu du euskarazko edukiak, hala nola bideoak, irudiak, ikasmaterialak, datu zientifikoak edo historikoak sarean libreki guztion eskura egon daitezen. Jakintza librea bultzatu nahi du fundazioak, eta horretarako, gizarte eragile eta talde desberdinen arteko elkarlana ezinbestekoa da.
Euskarazko Wikipedia sustatzeko helburuarekin Iñaki Ugarteburu Saria sortu du fundazioak. Saria Wikiplaza egitasmoaren baitan kokatuta dago eta osasun arloan euskaraz egindako ekarpenak sarituko ditu. Ekimenaren helburua osasungintza arloko testuak euskarazko Wikipedian ugaritzea da. Lehiaketan parte hartzeko betebeharreko baldintzak osasungintzako ikaslea izatea eta partaidetza indibiduala izatea da. Lanak aurkezteko epea martxoaren 31n amaituko da. Sariketa martxan jartzeko Osasungoa Euskalduntzeko Elkartearen (OEE), UPV-EHUren, Deustuko Unibertsitatearen eta Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) laguntza izango du fundazioak.