Bilboko Udaleko Euskara Sailak eta Ulibarri Euskaltegiak elkarkidetzan antolatzen duten Mintzakide ekimen honen helburua da euskara ohiko hizkuntza dutenak eta euskara maila eta jariotasuna hobetu nahi duten pertsonak bikoteka elkartzea euskararen erabilera sustatzeko eta indartzeko. Bikotekideek, gutxienez, 10 astean ordubeteko zitak izateko konpromisoa hartzen dute euskaraz jarduteko.
Topaketa honen bitartez, Mintzakide programaren bigarren edizio honetan parte hartu duten 80 bikoteei euren konpromisoa eta parte-hartzea eskertu gura dizkie Euskara Sailak eta Ulibarri Euskaltegiak.
Topaketa ekainaren 3an ospatu da Castaños udaltegian arrakasta handiarekin. Julian Iantzik giro ezinhobea sortu zuen solasaldian, eta ikus-entzuleek lasai asko euskarari zein berak telebistan egindako lanei buruzko galderak egin ahal izan zizkioten.