Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Bidaiari Dubi Dubi izeneko lehiaketa antolatu du. Bertan, bidaiekin lotutako bideo labur bitxiak sarituko dituzte. Lehiaketa duela zazpi urtetik martxan den Bidaiariaren Txokoa izeneko programaren baitan kokatzen da.
Lehiaketan 18 urtetik gorakoek hartu dezakete parte, eta bideoek gehienez hiru minutuko iraupena izango dute. Bideoak, bidaia bateko zenbait lekuren irudiak eta bidaia hori egin duten pertsonen irudiak jaso beharko ditu. Horrez gain, norberak sortutako edo egile eskubiderik ez duen musika ere izan beharko du. Lehiaketara bideoak aurkezteko epea urriaren 1etik 15era bitartekoa da.
Epaimahaiaren erabakia urriaren 29an jakinaraziko da eta sariak banatzeko ekitaldia berriz, azaroaren 3an egingo da Begoñako udaltegian. Lehenengo saria diploma batek eta 600 eurok osatuko dute, bigarren saria 300 eurok eta hirugarrena, berriz, landa hotel batean hiru eguneko egonaldiak.