Bilbo Zaharra euskaltegiak Bilbo Zaharra Forum berria aurkeztu du 2010-2011 ikasturteko lehen hiruhilekorako. Orain arte bezala, hiru hilabetetik behin izango dira ekimenak eta lehenengoa urriaren 25ean izango da Euskaltzaindiaren areto nagusian. Antolatu dituzten bost ekimenetan hitza eta musikaren arteko erlazioa aztertuko dute.
Ekimenetan era askotako artistek hartuko dute parte: Xabier Euzkitze komunikatzaileak, Bernardo Atxaga idazleak, Iñaki Irazu eta Felipe Juaristi poetek, Joxan Goikoetxea eta Angel Unzu musikariek, Jabier Muguruza eta Amaia Zubiria kantautoreek, eta Jean Mixel Bedaxagar eta Anjel Valdes hitzaren zein musikaren artisauek. Bilbo Zaharra Forumek helburu zehatza du: hizlaria eta musikaria elkartu eta harreman horretatik sortzen den giro bereziaz gozatzeko aukera eskaintzea.