Bilboko Udalak Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zen abenduaren 3an. Hori dela-eta, Bilboko Udalak omenaldia egin zion Bizkaia Irratiari, sortu zeneko 20. urteurrenean, Arabiar Aretoan, Iñaki Azkuna alkatea buru izandako ekitaldi batean.
Omenaldi honen bidez, udalak emisorak egunero-egunero egindako lanarentzat onarpena agertu gura izan du; izan ere, hamarkada bi daramatza euskara hutsez emititzen Bizkaiko uriburutik probintzia guztirako Bizkaia irratiak. 20 urte horietan euskararen alde egindako lana ere nabarmendu nahi izan du udalak; izan ere, irratiaren emisio-saio guztietan euskarari kalitate handiko tratamendua eman izan diote. Era berean, Bizkaia irratiak bizkaieraren alde egindako apustu garbia ere nabarmendu gura izan du udalak.
Bizkaia Irratiaren sustraiak Bilboko Herri Irratian daude. 70eko hamarkadan euskara irrati-saioetan sartu zuen lehenengo irratietako bat. 1990ean, Fontecha y Salazar kaleko estudioetatik, Bizkaia Irratia hasi zen modu independentean emititzen eta ezaugarri berezi-berezia zuen: programazioaren % 100 euskaraz izatea eta gehien bat bizkaieraz.
Bilboko Gotzaindegiak sustaturik, emititutako lehen programa Egunon goizeko izarretan izan zen eta irrati-sustatzaileen artean hauexek daude: Julian Olazabalaga, Ander Manterola eta Bilboko gotzaina izandako Karmelo Etxenagusia. Irratiko lehen zuzendaria Juan Mari Iraolagoitia izan zen; gero, Dorleta Alberdi eta orain Javier Onaindia da.
Bizkaia Irratiak probintzia guztirako emititzen du FM-ko 102.6 frekuentzian. Bizkaieraz egiten duten Araba eta Gipuzkoako herrietan ere baditu entzuleak; esate baterako, Aramaion, Arrasaten edo Eibarren.
Orain plantillan 18 pertsona daude eta laguntzaileen zerrenda oso luzea da: solaskideak, bertsolariak, politikan adituak, nazioarte-mailako gaietan adituak, gai zientifikoak lantzen dituztenak, idazleak eta abar. Horiei guztiei esker ia 30.000 entzule ditu irratiak programazio osoa, interesgarria eta gaukotasun handikoa duela.